SOSLAIA

Angel Sasiain Albizua, frankismoaren osteko lehen alkate demokratikoa

Aitor Aspuru Saez 2020ko ira. 8a, 18:00
Angel Sasiain bere emaztearekin egunkaria irakurtzen. / Sasiain familia

Irailaren 1ean zendu Angel Sasiain Albizua “Kirru”, 40 urteko diktaduraren ostean, modu demokratikoan hautatutako lehen alkatea. Sabino Sasiain bere semeak gogoratu ditu bere bizitza eta izaera.

86 urte zituela hil zen pasa den astean Angel Sasiain Albizua “Kirru”. Azken urteetan politika esparrutik urrun egon bada ere, 8 urtez alkate izan zen Amurrion, zehazki, frankismoaren osteko lehen bi legealdietan.

Ez ziren lege agintaldi errazak izan, bere seme Sabino Sasianek gogoratzen duen moduan: “Talka politikoko urte gogorrak ziren: HBko manifestazioak gure etxe aurretik igarotzen eta gelditzen ziren, mehatxuak jasotzen genituen telefonoz, 3 herritar erahil zituzten, atxiloketak…”.

Talka politikoko urte gogorrak izan ziren bere legealdikoak, baina aurkari politikoek ere agurtzen zuten kaletik alkatetza utzi eta gero

Hala eta guztiz ere, alkatetza utzi zuenean, bere aurkari politiko guztiek agurtzen zuten kaletik, eta, antza, horrek harrotzen zuen Kirru. “Badago nire aita definitzen duen detaile txiki bat. Urte horietan HBko zinegotzi bat atxilotu zuten, eta komisaldegira bisitatzera joan zen. Galdetu zion zerbait behar ote zue,n eta berak erantzun zion ez ziotela bazkaririk eman. Orduan, aita supermerkatu batera joan zen, eta urdaiazpiko apur bat erosi zion” gogoratu du bere semeak.

Hala ere, udalerriko egoera politiko nahasiak eraman zuen Angel Sasiain alkatetza uztera. “Hirugarren legealdi bati uko egin zion gugatik. Ez zuen gogoko politika arazoek gure bizitza zipriztintzea, baina herri txiki batean hori zaila da” argitu du senideak.

Edonola ere, Sasiainek modua topatu zuen bere ekarpena egiteko, semearen ustez: “Madrilera bidaiatu zuen Urrutia familiarekin hitz egiteko eta parkea erosteko, herriak erabili eta gozatu zezan. Halaber, Reforra hutsik geratu zenean, Arabako Foru Aldundiko Ahaldun Nagusiarekin harremanetan jarri zen erosteko”.

Sabino Sasiainentzat bi adibide garrantzitsu dira, aintzat hartuta lehen legealdian bere aitak ez zuela dieta ez soldatarik kobratu nahi izan: “Udala zenbaki gorritan zegoen eta bere ahalegin guztiak bideratu zituen hori orekatzera”.

Alkatetzaren ondoren

Behin Udala utzita, Angel Sasiain EAJko ordezkaria izan zen Arabako Batzar Nagusietan, eta apurka-apurka utzi zuen politika, bere dendan eta familian zentratzeko.

Politikan sartu baino lehen egin bezala, kirolari ere eskaini zion denbora. Amurrio Pilota Elkarteko presidentea izan zen, baita txirrindulari, pilotari eta pilotazale zein bola jokalaria.

Berez, pilotak bere bizitza pertsonalean pisu handia izan zuen: “Zenbait data markatuta zituen; Azkoitiako sanandresak, otxomaioak, Amurrioko jaien egun bat eta Elgetako finalak eta eguberria”.

Bere izaerari dagokionez, Sabino Sasianek azpimarratu bere aita bizitzaz beterik zegoelam eta aurrera egiteko prest zegoela beti: “Azkenaldian esaten zuen berak ere sakelakoa nahi zuela, ikusten zuelako guk zerbait jakin nahi genuenean telefonoa erabiltzen genuela”.

Familiak uste du Angel Sasiainen lana ez dela aitortua izan, bere alderdiarengandik hasita. Horregatik uste dute kale, plaza edo zelai bati bere izena jartzea justizia egiteko modua litzatekeela

Tratuari dagokionez, semearen aburuz, lagunekin dibertigarria zen eta familiaren presentziaz gozatzen zuen. “Aritz, bere iloba, Australian dago urritik, eta astero galdetzen zuen berari buruz. Telefonoz hitz egiten zutenean, harrotasunez mintzatzen zen aipatutakoari buruz”.

Sabinok berak faltan botako ditu berarekin izandako hizketaldiak, eta berarentzat beti egon zela prest laguntzeko.

Angel Sasiain oroituko duen tokia

Azkenik, Sabinok azpimarratu du bere aitaren lana ez dela aitortua izan, bere alderdiarengandik hasita: “Ez zuen bere babesa izan behar izan zuenean”.

Horren aurrean, familiaren desira adierazi du: “Ilusioa egingo liguke -bereziki amari- bere oroimenak bizirik irautea kale, plaza edo zelai bati bere izena jarrita; etorkizuneko belaunaldiak ohartu daitezen Amurriok dituen gauza asko aitak egindako lanari esker direla”.

 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide