JON ASPURU ORIBE

"Aldaketarako grina nabaria da Bielorrusian, badirudi fase historiko bat agortzen ari dela"

Aitor Aspuru Saez 2020ko ira. 10a, 11:00
Jon Aspuru hiru manifestarirekin Misken. / I. A.

JON ASPURU ORIBE (Amurrio, 1960) Bielorrusiara jo zuen abuztuaren 10ean, justu protesta jendetsuak hasi ziren egunean. 15 egun igaro ditu bertan eta herrialdea zein bere egoera ikusteko aukera izan du.

Zergatik joan zineten Bielorrusiara?

Elkarte batean gaude eta Bielorrusiako ume bat hartu dugu azken 3 urteetan. COVID-19aren ondorioz, aurten ezin izan da Amurriora etorri eta gu, zenbait kudeaketa egin ostean, hara joan ginen bera ikustera.

Duela bi urte joan ginen ere eta herrialdea apur bat ezagutzen genuen. Edonola ere, ezuste handia da ikustea garatzen ari den herrialdea dela. Oso ezezaguna da, baina Europan gehien garatzen ari den tokia da. Unibertsitatearen esparruan, adibidez, ehunekoari erreparatuta, ikasle gehien duen Europako estatu da. 

Noiz heldu zineten eta nondik ibili zineten?

Abuztuaren 10ean Bilbotik Frankfurtera joan ginen eta handik Bielorrusiako hiriburura, Minskera. 15 egunez egon behar ginenez, autoa alokatu genuen eta herrialde erdia zeharkatu genuen. 

Hegoaldean egon ginen. Erradioaktibitate handia dago han, Txernobylgo zentral nuklearraren istripuaren ondorioz. Gero mendebaldean aritu ginen, Poloniarekin muga egiten duen tokian; eta, azkenik, iparmendebaldean. Han bizi da umea eta Lituaniatik hurbil dago.

Esan bezala, ezustean harrapatu gintuen Minskek. Oso modernoa da. 15 urte daramatza garatzen. 50 kilometroko zabalera du eta parke eta laku handiz eta kristalezko eraikinez beteta dago. 

"Hasieran uste genuen Sobietar Batasunaren garapen eredua topatuko genuela, baina egiten ari direna ikusgarria da"

Hasieran uste genuen Sobietar Batasunaren garapen eredua topatuko genuela, baina oso ezberdina da. Jakina, Sobietar Batasunaren aztarna bistakoa da, baina orain egiten ari direna ikusgarria da. Eraikin guztiek daukate parke erraldoia edo lakua. 

Leku guztietan dago aparkalekua soberan, nahiz eta 3 milioi biztanleko hiria izan. Espazio oso zabalak baliatzen dituzte. Eraikin baten eta bestearen artean agian 300 metro daude. Inoiz ez dago eraikin bat beste batetik gertu. Ondorioz, oinez ezin da zeharkatu, metroa erabili behar da, distantziak oso luzeak direlako.

Edonola ere, ikusteko modukoa da, turismoaren aldetik behintzat. Orain Bielorrusia bisitatu daiteke hilabete batez bisaturik gabe eta potentzial handia dauka, nire ustez. Jendea oso gaztea da, gainera.

Gero Brahinen ibili ginen, hegoaldean, Ukrainiatik gertu. Vileycanen ere egon ginen, han bizi baita guk hartzen dugun umea. Minsketik 80 kilometrora dago, iparraldean. Zuhaitz asko daude eta Landen antzeko itxura du, laua, landa eremukoa eta hare askorekin. Lituaniatik hurbil dago eta 20.000 biztanle inguru dira. Alboan zonalde turistikoak ditu, errusiarrentzat, gehienbat. 

Azkenik Poloniatik gertu dagoen toki batean egon ginen, 1.000 kilometro baino gehiago egin genituen eta herrialdea zeharkatu genuen. Hala ere, paisaia oso antzekoa da. 

Oso ezberdinak dira hiriburua eta beste tokiak?

Bielorrusian nik uste hiru fase egon direla eta agerikoak direla. Aspaldiko etxeak egurrezkoak dira, komunak kanpoan dituzte eta ortu txiki bat ere badute. Oso oinarrizkoak dira. Duela 100 urte bezala bizi dira, isolatuta, landa eremuan. Hemen baserrietan bezala.

Jende nagusia da eta etxe asko hutsik daude. Testuinguru horretan bisitatu genuen beste ume bat, Amurriora etortzen dena eta horrelakoak dira Bikartek hartzen dituenak askotan. Erradioaktibitateaz gain, egoera arraroan bizi dira. 

Sobietar Batasuneko aztarna nabaritzen da gero. Udalerriak garatu zituzten eta hiri handiak dira, hor bizi da jende gehiena eta eraikinak dominozko fitxak bezalakoak dira, handiak eta jarraian. Espazio handiak daude eta sobietar eredukoak dira. 

Hirugarren faseak azken 20 urteko garapen modernoa islatzen du. Ez dauka zerikusirik aurrekoarekin. Eraikin oso modernoak dira eta igartzen da jende batek diru asko duela. Minsken, esaterako, autoen batezbestekoa hemengoa baino altuagoa da. Deigarria da. 

Zuek heldu bezain laster hasi ziren protestak, ezta?

Bai, justu heltzean. Beldur ginen COVIDagatik, baina han ez da asko zabaldu. Euren bizitza ereduarekin lotura duela uste dut. Espazio oso zabalak dira eta distantzia beti mantentzen da. Errepideek 4 errail dituzte, lorategiak oso handiak dira, merkatal gune handiak daude, baina ez dago tabernarik. Bizitza indibidualagoa da. 

Edonola ere, gu COVIDaren beldur ginen, baina heldu ginenean hauteskundeak ziren eta Lukashenkok komunikazioak eten zituen lau egunez. Ez zegoen Internetik. Hortaz, lagunek deitzen zuten eta guk ez genuen modurik erantzuteko. Ondo geunden, baina komunikaziorik gabe lau egunez.

"Lukashenkok lau egunez eten zituen komunikazioak, lagunek deitzen ziguten eta ez zegoen modurik erantzuteko"

Hauteskundeak igandean izan ziren eta hurrengo egunetan bi hildako egon ziren protestetan, baina guk ez genekien ezer. Minskera heldu arte.

Asteartean Minsken harrituta geratu ginen. Antza, Bielorrusian ez daude ohituta manifestazioak egitera edo beldur dira. Ondorioz, kaleetan, bat-batean, agertzen ziren emakume gazteak klabelinekin. Bat-batean 500 batzen ziren espaloian. Guztiak zuriz jantzita, igarotzen ziren autoek babesa adierazten zieten bitartean.

Ez zegoen elkarretaratze handi bat, baizik eta elkarretaratze asko. Aldaketarako grina sumatzen zen. Hiri osoan horrelako manifestazioak zeuden, baina bakarrik emakumeenak. Azaldu ziguten emakumezkoak soilik atera zirela bi hildakoengatik, eta horregatik zeramatzatela loreak. 

Gero bai, manifestazioak eta elkarretaratzeak antolatzeari ekin zioten, baina gu umearekin geunden eta horregatik 17:00ak aldera joaten ginen hiritik kanpoko aldera.

Lukashenkok erdiguneko sarrerak oztopatzen zituen inor ez sartzeko eta metroaren geltokiak ere ixten zituen. Horregatik manifestariek zutabeak osatzen zituzten eta agian 5 kilometroko bidea egiten zuten erdigunera heltzeko. 

Deigarria zen jende gazte pilo zegoela eta baketsuak zirela. Poliziarekin ez zegoen talkarik, horregatik elkartzen dira, edo plazetan ibiltzen dira. Poliziak liskarrak sortu baino, jendea atxilotzen du. Jendetza sakabanatu baino, atxiloketak egiten dituzte.

Kalez jantzitako poliziek furgonetak erabiltzen zituzten eta jendea hautatu eta gero, furgonetetan sartzen zituzten. Gero atxiloketa zentroetara bidaltzen zituzten eta hor bai, nahi zutena egiten zuten. Esan ziguten 7.000 atxilotu zeudela eta 90 desagertu.

Antza, horren ostean Vladimir Putinek deitu zion Lukashenkori eta horrek manifestarien aurkako neurriak eten zituen, nahiz eta mobilizazioak kontrolatu.

"Guk uste genuen gobernu komunista zegoela Bielorrusian, baina kontrakoa da, merkatua guztiz liberalizatua dago"

Itxura hori eman zigun. Badirudi fase historiko bat agortzen ari dela. Guk uste genuen gobernu komunista zela, baina kontrakoa da. Merkatua guztiz liberalizatuta dago eta ezberdintasun sozialak askoz nabariagoak dira. 

Sobietar Batasuna desegin zenean, batzuek aukera aprobetxatu zuten eta pribilejiatuak dira. Baina gehienek funtsezko zerbitzuak baino ez dituzte. 

Zerk eragin zituen protestak?

Guri esan ziguten hauteskundeen emaitzak manipulatu zituztela. Egia da hauteskunde mahaietan ezin zirela egon alderdi guztien ordezkariak. Gobernuko ordezkariak zeuden, besterik ez.

Badirudi Misken mahaietan zegoen jendeak adierazi zuela plazaratzen ari ziren hauteskunde emaitzak ez zirela benetakoak. 

Edonola ere, nik nabaritu nuen aldaketarako gogoa dagoela. Gu baino europarzaleagoak dira. Jende gehienak ikasketa aurreratuak ditu eta aldaketa nahi du. Ematen du gizartea norabide batean doala eta erregimena beste batean. 

Hala ere, zaila da, Errusia eta Europa artean baitaude eta ziurrenik eurek ez dute izango azken hitza. 

Eta COVID-19aren presentzia nabaritu zenuten?

Gu beldur ginen, baina gomendioak indarrean badaude ere, esango nuke oso gutxi heldu dela. Esan bezala, nire aburuz, euren bizitza ereduari lotuta dago hori. Metro eta erdiko tartea ia beti mantentzen dute, distantziak oso handiak direlako. 

Nolakoa izan zen umearekin harremana?

Bikaina. Hasieran, nahiz eta joango ginela esan, ez zuen sinisten eta egun osoa behar izan zuen barneratzeko.

 

Gero dena primerakoa izan zen. Gurekin egon zen uneoro eta oporretan geunden. Hortaz, ez zegoen betebeharrik. Soilik hemendik hara ibiltzea eta dirua gastatzea. Aquaparkera joan ginen, adibidez. Inoiz ikusi dugun ur parkerik handiena eta onena izan zen. 5 solairu zituen eta balnearioa zuen barruan. 

Okerrena, beti bezala, itzultzea izan zen. Bi egun falta zirenean, umea negarrez hasi zen, ez zuelako bertan geratu nahi, baina horiek dira igaro behar ditugun emozio faseak. Hasieran poztasuna eta gero tristura.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide