Ikama ikasle antolakundea sortu duzue. Zein helbururekin?
Euskal Herrian inposatutako hezkuntza sistemak iraultzeko tresna izango da Ikama. Benetan ikasleak erdigunean jarriko gaituen hezkuntza sistema nahi dugu. Hori definitu dugu euskal eskola herritar eta burujabe gisa. Hori da gure zermuga. Eta, horretarako, hezkuntza komunitatearekin egingo dugu lan.
Elizondon (Nafarroa) aurkeztu zenuten larunbatean eragile berria. Nolako harrera izan du?
Oso polita. Oso pozik eta gogotsu geunden ikasleok. Horrez gain, beste eragile batzuk ere gogoz zeuden, eta pozik atera ziren aurkezpenetik.
Non jaso daiteke Ikamari buruzko informazioa?
Sareetan egongo gara, Instagramen batez ere, eta eskoletan asanbladak egingo ditugu. Bertako edo eskualdeko kideengana hurbildu daiteke nahi duen oro. Aurkezpenak deituko ditugu ezagutzera eramateko.
“Ikasleria martxan” prozesuan murgilduta egon zarete orain arte. Nola joan da?
Aspaldi hasi ginen lehenengo bilera nazionalak egiten. Bertan konpartitu genituen herri ezberdinetan aurrera eramandako borrokak. Era berean, ikasle mugimenduak izan beharko lukeenaren inguruan hausnartu genuen, eta antolakundea sortzeko beharra ikusi genuen, hutsunea baitzegoen. Hala, eratze prozesua abiatu genuen.
Zenbat lagunek hartu duzue parte eraketa etapan?
200 lagunetik gora izango ginen! Eztabaida saioak egin ditugu Euskal Herri osoan, baita eskualdean ere. Konfinamenduak “Kargatzen” prozesuaren azken txanpa zaildu zuen, hala ere. Zalantzak genituen ikasleek horrenbeste ordu telematikoki eskolan igaro ostean, bilera telematikoetarako prest egongo ote ziren, baina oso ondo atera dira. Aurkezpena egiteko sekulako gogoak genituen, eta badago hemen jada Ikama.
Nolako ikasle mugimendua lortu nahi duzue?
Ikasleek historiako prozesu eraldatzaile guztietan izan dute garrantzia handia. Horregatik uste dugu Euskal Herrian ere ikasleok funtzio garrantzitsua dugula. Ikasleon beharrei eta koiunturari erantzuteko antolakunde bat behar da, hezkuntzako ikuspegi edo irakurketa egiteko egoerari.
Hezkuntza greba izan zen irailaren 15ean. Zein izan da zuen aldarrikapena?
Ikasturtea hasi baino ez da egin, eta dagoeneko greba bat izan dugu. Krisi sanitarioak azaleratu egin ditu hezkuntza sistema hauen mugak. Ikamak lan handia izango du, beraz.
Zorrotz agertu zarete geletako itzulerarekin...
Hezkuntza komunitate eta ikasleokin hitz egin gabe diseinatu dute eskolara buelta. Inolako aldaketarik egin gabe jarraitu nahi dute, metodologia eta beka berdinekin. Ulertezina zaigu ezer gertatu ez balitz bezala itzultzea klasera, eta guri galdetu gabe diseinatzea itzulera. Horregatik egin genuen bat sindikatuekin eta mobilizazioekin. Gure ustez, geletako ratioak txikitu behar dira, materiala eskuragarria eta doakoa izan behar da ikasle ororentzat, eta egoerak ahalbidetutako kontrola desagertu behar da. Finean, hezkuntza komunitate guztiarekin hartu behar dira erabakiak, guk badugu zer esana, eta gu gara prozesu honetako protagonistak.
Ulertezina zaigu ezer gertatu ez balitz bezala itzultzea klasera. Hezkuntza komunitate guztiarekin hartu behar dira erabakiak, guk badugu zer esana, eta gu gara prozesu honetako protagonistak"
Euskal Herri osoan egituratutako erakundea da zuena. Aiaraldean ere osatuko dira taldeak?
Bai, hainbat herri eta ikastetxetan gaude. Horrez gain, eskualdeko markoak sortu ditugu jada. Zazpi lurraldeetan antolatuko gara. Beraz, Euskal Herriko beste eragile batzuekin ere egingo dugu lan. Herrialde banaketagatik inposatutako hezkuntza sistemak ez dira berdinak EAEn, Iparraldean eta Nafarroan, baina hori ez da oztopo izango.
Zeintzuk izango dira ikasturte honetako inflexio puntuak, edo mahaigaineratuko dituzuen lanketak?
Erronka nagusia antolakundearen egitura eta taldeak abian jartzea izango da. Ildo beretik, koiunturari erantzungo diogu, hezkuntzatik irakurketa eginez.
Amaitzeko, zein da ikasleriari luzatu nahiko zenioketen mezua?
Soilik ondo antolatutako ikasleok lor ditzakegu helburu handiak. Txikitik eraginda, ikastetxeetan borroka lokalak eramanda... edozer lor daiteke. Borrokatzera animatzen ditut.