Amurrioko Mugendo Eskolak ikasturte berria abiatu du: "Entrenamenduak hasi ditugu segurtasun neurri guztiak kontuan hartuta: gela, termometroa, distantzia, kontaktu eza.... maximoen muturrera eraman dugu dena". Jesus Maria Platon arduradunaren hitzak dira. Pandemiak euren jarduna zenbateraino baldintzatu duen galdetuta, "egoera zaila da, baina egokitu beharra dago" dio.
Eskolaz Kanpoko ekintzak eten dituztenez ikastetxeek -Eskola kirola ere bai- aukerak handitu zaizkie. "Nahi duena probatzera animatzen dugu, 945 39 32 14 telefono zenbakira deituta edo meyiro@mugendoeuskadi.com postara idatzita". Ahalik eta ondoen entrenatzea izango da aurtengo xedea.
Haurren klaseetan, gainera, garapen fisiko eta emozionala lantzeari ekingo diote, aurreratu duenez. Helduen jardunetik giro segurua azpimarratu du, "Mugendo Kickboxingak daraman metodologiaz gain".
Online klaseak
Pandemia hasi zenean ekin zioten Interneteko klaseei, martxoaren 14an. "Astelehenetik igandera goizez, eguerdiz eta gauez ematen ditugu klaseak. Alde teknikoa, zati fisikoa, familientzako luzaketak… eskaini ditugu. Baita asmakizun eta eskulanak ere, alde ludikoa eta teknikoa uztartuta", kontatu du amurrioarrak. "Familia berriak batu dira horrela, eta munduko jende gehiagorekin konektatzeko aukera eman digu", azpimarratu du. Platonen esanetan, jendeak asko eskertu du konfinamenduan ikus-entzunezko baliabideak eskaintzea: "Lan handia egin dugu, egunero gabiltza berregokitu nahian, baina gure ikasle eta familien aurpegia ikusita aski zaigu".
Zuzeneko entrenamenduak eta grabatutakoak sareratu dituzte, "horrela ondoren edo beranduago ere egongo da materiala eskura. Hemen jarraitzen dugu, berrikuntza teknologikoekin barne". Hargatik, pozik dago eskolako arduraduna: "Eskolan gehienok jarraitzen dugu. Bada berrartzeko gogoa duen jendea. Amurrion aurreko urteetakoa bezalako jende kopurua mantendu dugu". Dena den, arduraz jokatzeko konpromisoa berretsi du: "Ziurgabetasuna nagusi bada ere, gauzak ondo egitea dagokigu. Arduraz jokatzeko garaia da".