Laugarren geratu da Julen Latorre Gulias Espainiako Txapelketan

Izar Mendiguren Cosgaya 2020ko ira. 22a, 19:48
Valladoliden 4. sailkatu zen Julen Latorre Gulias. / J.L

Amurrioko eta Aiarako txirrindulari elkarteek hainbat lasterketetan hartu dute parte asteburuan. Julen Latorre Espainiako Txapelketan izan da. Podiumetik gertu egon dira aiaraldearrak norgehiagoka guztietan.

Asteburuak emaitza onak utzi ditu Aiaraldeko txirrindulariei dagokienean. Julen Latorre Gulias Valladoliden lehiatu zen Espainiako Txapelketan, eta laugarren helmugaratu zen. "Arkaitz Vitorica eta Kross Racing Team eskertu behar ditut asteburu osoan zehar jasotako babesagatik", adierazi du gazteak sare sozialetan.

Amurrioko taldea, 3. Seguran
 
Bestalde, Amurrioko Txirrindulari Elkarteko kideak Seguran (Gipuzkoan) izan ziren. Taldearen hitzetan, Electroalavesa-Etorki taldeak lan txukuna egin zuen: "Lasterketa ona egin zuten. Asier Castillak 4. postua lortu zuen, eta taldeka 3. geratu ginen".
 
 

Aiararrak, Palentzian

Aiarako Txirrindulari Taldekoak, berriz, Palentziaraino joan ziren. "Ez dugu oraingoan zortea alde izan", azaldu dute. Izan ere, lau txirrindularik hartu zuten parte, baina ezusteko ugari izan zituzten: "Iker erori egin zen (kalte larririk gabe) eta Gabrielek gurpila zulatu zuen lasterketa buruan zihoala". Alabaina, taldeko kotxeak ezin izan zituen gazteak lagundu: "Lasterketa apurtua zegoen. Gure autoa laugarren pelotoiaren atzean zihoan huts teknikoa jakinarazi zigutenean". Ondorioz, txirrindulariengana iritsi zirenerako aukera guztiak galduta zituzten, azaldu dutenez.

Igandean, berriz, Lizarran izan ziren. Gabrielek seigarren helmugaratzea lortu zuen bertan, sprintean borrokatu ostean. Taldeak nabarmendu duenez, denboraldi osoa darama gazteak garaipenaren atarian, podiumik zapaldu ez badu ere. Aiarako taldeak Gaizka Garay artziniegarraren lasterketa goraipatu du, halaber, "lehen urtea du eta uneoro egon da onenen taldean". Horrenbestez, ikasten jarraitzeko asmoa dutela berretsi dute.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide