ARITZ ARBERAS

"Tourra nola hasi zen ikusita, emaitza pozik egoteko modukoa izan da"

Aitor Aspuru Saez 2020ko ira. 30a, 10:51
Aritz Arberas aurtengo Tourrean. / Bahrain Mclaren taldea

Aritz Arberas Bahrain McLaren prestatzaile fisiko amurrioarrak adierazi du Mikel Landaren 4. postua Tourrean pozteko modukoa izan dela, nahiz eta euren helburua podiumean egotea izan.

Aritz Arberas amurrioarra txirrindularitza denboraldian buru-belarri sartuta dago. Orain Ardenetako klasikoan dabil, baina tartea atera du Tourraren aurtengo edizioaren balorazioa egiteko.

Kirolariaren iritziz, helburua bete ez badute ere, pozik egoteko modukoa izan da Bahrain McLaren taldearen partaidetza: "Gure asmoa zen Mikel Landa podiumera igotzea, baina proba nola hasi zen ikusita, 4. postua emaitza ona da".

Izan ere, lehiaketaren lehenengo astean, liderrak 1:21 minutuko abantaila atera zion Mikel Landari, lasterketan gertatutako haize mozketa baten ondorioz.

Zentzu batean, Arberasek uste du taldearen esperientzia falta izan zela erabakigarria: "Pandemiaren ondorioz, ezin izan dugu elkarrekin lan egin. Talde berria da eta txirrindulari gehienak ez ziren elkar ezagutzen. Lehen egunetan elkarrizketa asko izan genituen, ez baikenuen elkar ondo ulertzen. Komunikazio arazo horiek gainditu genituenean, mailarik onena erakutsi genuen".

Azken astea

Zentzu horretan, amurrioarrak uste du azken astean ardura handiak hartu zituela taldeak, Mikel Landak bultzatuta: "Mikel fisikoki sendo egon da eta taldeak bere gain hartu du zenbait etapen pisua, Col de la Lozen, adibidez. Hurrengo egunean ere saiakera egin genuen ihesaldia egiteko. Gero, kiroltasunez onartu beharra dago beste txirrindulari batzuk hobeto zeudela eta gainditu gaituztela. Hau kirol profesionala da eta horrelakoak gertatzen dira. Dena den, lortu genuen liderrak sufritzea bere postua mantentzeko eta Mikel Landak bere lidergoa ezarri zuen taldean. Berak sustatu zuen erasora jotzea eta %100a eman dugu. Hori poztekoa da".

COVID-19ak baldintzatutako denboraldia

Koronabirusaren eragina handia izaten ari da aurtengo denboraldian, Aritz Arberasen aburuz. Alde batetik, txirrindulariek 3 hilabetez entrenatu behar izan dute etxean eta ez dute aukerarik izan elkarrekin prestatzeko.

Bestetik, kontzentrazioak zein lasterketak bata bestearen atzetik etorri dira. Esaterako, Tourraren ostean, Ardenetako klasikoan dago orain amurrioarra bere taldearekin: "Talde indartsua osatu dugu, Mikel Landa eta Wout Poelsekin, adibidez, eta irabazteak ospe ona ematen du. Ea hankak ados dauden".

Horrez gain, gero Giroaren txanda izango da eta Pello Bilbao izango dute lider lanetan: "Ikusi nahi dugu nola sentitzen den eginkizun horretan".

Azkenik, Espainiako Itzulia helduko da urriaren 20an. Arberasen iritziz, erronka handia izango da hori eta oraindik ez daki nola egingo dioten aurre.

Berez, zaila da aurten ezer planifikatzea amurrioarrarentzat. "Dena den, penintsulako iparraldeko errepideak ondo baino hobeto ezagutzen ditut. Hortaz, komeni zaie ziztu bizian egitea" esan du txantxetan. Hala eta guztiz ere, "lehiakorrak izatea" izango da taldearen xedea.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide