Iker Larrazabal gazte amurrioarrak debuta egingo du azaroan pilotako maila profesionalean. Baiko enpresarekin egingo du eta, antza, Amurrion bertan izango da partida. 2. mailan hasiko da jokatzen 18 urteko pilotaria. Bikoteka eta 4 eta 1/2an arituko da hastear dagoen denboraldian.
Pozik badago ere, lasai dagoela azaldu dio Larrazabalek Aiaraldea Hedabideari: "Denboraldi honetan nire helburua izango da ondo jokatzea, gozatzea eta, aukera badago, irabaztea".
Amurriorrak uste du ardura gehiago izango duela eta bizitza aldatuko zaiola, baina ez hainbeste: "Orain arte bezala, asko entrenatu beharko dut, astelehenetik ostegunera, eta larunbat eta igandetan jokatu".
Urte borobila
Pandemiak eragin handia izan du pilotan eta Iker Larrazabalek iritzi du arraroa dela frontoiak hutsik ikustea. Hala ere, berak uda bikaina osatu du eta hainbat txapela eskuratu berri ditu: Arabako Herri Arteko Txapelketakoa, Andra Mari Zuria Txapelketakoa eta Arabako 4 eta 1/2ko Txapelketakoa.
Hori erabakigarria izan da urratsa emateko profesionalen norabidean: "Ondo entrenatu dut eta ondo jokatu dut. Nire kideek ere ondo egin dute eta txapela ugari irabazi ditut. Hori ikusi du enpresak".