Brasilen hasi eta Aiaraldean jarraitu duzu zure ibilbide musikala. Nolako bidaia izan da?
Nire musika ibilbidea nahiko gorabeheratsua izan da. Brasilen nengoenean talde bat neukan, baina zaletasun bat zen, denbora pasatzeko modua. Ez nuen musikaren gaineko ezagutza askorik, eta egunerokoan ikasten nuen. Turismo ikasketak egin nituen eta beste herrialde batzuk bisitatzeko gogoa piztu zitzaidan, hizkuntzak ikasteko. Ingalaterran ikastaro bat egiteko aukera sortu zitzaidan, eta aukera aprobetxatu nuen.
Brasilen nuen taldea utzi nuen orduan, eta musika apur bat alboratu. Baina Londreseko egonaldiak balio izan zidan bestelako gauza batzuk ikasteko eta nire burua ezagutzeko.
Orduan sartu nintzen buru-belarri rastafari kulturan. Brixtonen bizi izan nintzen. Afrikar eta jamaikar jatorriko bizilagunak daude bertan, eta harreman ugari egin nituen. Reggaearen inguru gauzak ikasi nituen, eta aukera izan nuen baita reggaeren alde ortodoxoena ezagutzeko, rastafarismoaz eta espiritualitateaz hitz egiten duena. Bob Marley eta antzeko musikarien abestien atzean benetan zer zegoen ikasi nahi nuen.
"Londresen aukera izan nuen reggaeren alde ortodoxoena ezagutzeko, rastafarismoaz eta espiritualitateaz hitz egiten duena"
Aiaraldera iritsi nintzenean musika jotzeko gogoak sortu zitzaizkidan berriro. Ostalaritzan lanean hasi nintzen, eta eskualdeko beste musikari batzuk ezagutu nituen horrela, Hego Amerikako beste herrialde batzuetakoak.
Taberna ixten genuenean entseatzen geratzen ginen barruan, eta horrela sortu zen Gwa Ya proiektua. “Espezie bereko kideak” esan nahi du taldearen izenak. Miguel, Ramon eta Ruben batu ziren gero, eta beste hainbat musikarirekin ere jo dugu urte hauetan. Bakoitzak bere alea jarri du proiektuan. Horrela sortu dugu “Gwa Ya” estiloa. Abestiak modu batean hasten ditugu baina inoiz ez dakigu nola amaituko ditugun.
Brasilen, Londresen eta Aiaraldean erlazionatu zara musikarekin. Zer ezberdintasun sumatu dituzu hiru tokien artean?
Brasilgo reggaea oso bizia da. 200 milioi pertsona daude herrialdean. Gauzak hala, kalean egiten duzun kontzertu batean milaka pertsona batu daitezke. Reggaea ghettoko musika da. Jende xumearen adierazteko modua bilakatu da, rapa edo hip-hopa bezala.
Herrialde koloniala da gurea, mundu osoko kulturen eragina dugu. Afrikaren eragina oso nabarmena da. Perkusio instrumentuen presentzia handia da Brasilgo reggaean.
“Bizi izan naizen hiru tokietako esperientziak nire alde baliatu ditut, izan nahi dudan musikaria izateko”
Londresen jamaikar jatorriko jende asko dago. Horregatik, bertan egon nintzenean aukera izan nuen reggaearen jatorria ezagutzeko: Afrika, nazio eta komunitate guztien ama.
Orduan ikusi nuen Brasilen perkusioari ematen genion garrantziak bazuela zentzua, Jamaikan ere hala egiten dutelako.
Europan ez zaio rastafari kulturari horrenbesteko garrantzia ematen, musikan jartzen da pisu guztia, hemen beste erlijio batzuk daudelako. Baina horrek aukera eman dit reggaea bizitzeko beste modu batzuk ezagutu eta errespetatzeko. Bizi izan naizen hiru tokietako esperientziak nire alde baliatu ditut, izan nahi dudan musikaria izateko.
Bakarlari gisa estreinatu zara orain. Nolatan eman duzu saltoa?
Urrunetik datorren gauza da, proiektua aspaldi nuen pentsatua. Ideiak biltzen egon nintzen, funtzionatu zezaketela uste nuen abestien errepertorio bat osatu arte.
Baina duela 10-15 urte eginiko kantak ziren, oso pertsonalak. Horregatik erabaki nuen abesti horiek Gwa Ya taldearekin jo ordez, proiektu berezitu bat sortzea.
Pandemia etorri zenean murrizketa ugari etorri ziren kontzertu eta entseguen aldetik, eta denbora tarte hori baliatu nuen abestia grabatzeko. Madrilera joan nintzen konfinamendua hasi baino lehen eta bederatzi kanta grabatu nituen bertan, Raízes Tupiniquins proiekturako.
Tupiniquinsak Hego Amerikako tribu indigenak dira. Nire sorterriari, Brasili, omenaldia egin nahi izan nion lan horrekin, reggaearen gaineko nire ikuspuntu pertsonala plazaratuta.
“Hainbat garaietako reggae doinuak nahastu ditut, 70. hamakardakotik gaur egungoetara”
Gwa Ya taldearekin ere reggaea jotzen duzue. Zertan ezberdintzen dira bi proiektuetako musika estiloak?
Gwa Yan beti erabili dugu reggaea erreferentzia bezala, baina hainbat estilotako musikak uztartu ditugu.
Plazaratu dudan bakarkako lanean, ordea, hainbat garaietako reggae doinuak nahastu ditut, 70. hamakardakotik gaur egungoetara. Bidaia egin dut reggaearen barruko estilotan barrena.
Oso anitza da, beraz.
Bai, gustu guztietarako abestiak daude, emaitza polita lortu dut (barreak).
Pandemia baten erdian ekin diozu proiektu berriari. Zer asmo dituzu datozen hilabeteei begira?
Gwa Ya taldean jarraitzen dut. Beraz, une honetan bi proiektu ditut abian, eta bakoitzak bere bidea jarraituko du, nahastu gabe.
Bi bideoklip plazaratu ditut, Interneten ikusi daitezkeenak, eta beste bi ikus-entzunezko plazaratu nahi ditut aurten. Diskoa ere osorik entzun daiteke musika plataformetan.
Ikusteke dago nola amaituko dugun urtea. Hainbat plan genituen 2020rako, baina moldatu egin beharko ditugu, artistoi bereziki zigortu gaituen pandemia honen ondorioz. Gwa Yarekin genituen kontzertu guztiak bertan behera geratu dira. Gauzak hala, entseatzen eta konposatzen gabiltza, egoera onera itzultzen denerako.