400 pertsonako mugarekin egingo dute Gorobel ibilaldia

Izar Mendiguren Cosgaya 2020ko urr. 9a, 13:01
Unginotik igaroko da, besteak beste, Gorobel Mendi Ibilaldia. / Aiaraldea.eus

Azaroaren 1ean izango da Amurrioko Mendiko Lagunakek antolatutako ekimena. Urriaren 13an irekiko da izena emateko epea.

Mendiko Lagunak elkarteak aurtengo Gorobel zeharkaldiko xehetasunak aurkeztu ditu. Azaroaren 1ean izango da hitzordua, eta bi ibilaldi mota egongo dira: txikia eta handia. Koronabirusaren eraginagatik, ordea, partaide kopurua murriztu dute. Hain zuzen, 200 lagunek osatu ahalko dute zirkuitu laburra, eta beste hainbestek handia.  Zenbaki bana emango diote mendizale bakoitzari, kontrola zorrozteko. "Segurtasun araudia eta informazio gehiago izena ematerakoan" emango dute, adierazi dutenez. 

Zenbakiaren arabera, 4 irteera ordu zehaztu ditu Mendiko Lagunakek, jende pilaketak ekiditeko

Prezioari dagokionez, 3€ ordaindu beharko dute bazkide edo federatuek, eta gainontzekoek 4€. Horrez gain, irteera orduak lau txanpetan bereizi dituzte, izen-emate zenbakiaren arabera: 001-099 dortsaldunek 7:00etatik 7:30era bitartean abiatuko dute txangoa, 100-199 artekoek 7:30-8:00 artean, 200-299 zenbakidunek 8:00-8:30 bitarteko langan, eta 300-400 artekoek 8:30-9:00 inguruan. 

Horrez gain, argazki eta bideo labur txapelketak egingo dituzte, ohi gisa. Ibilaldian zehar hartutako irudiak baliatu beharko dira horretarako. Informazio gehiago jasotzeko Mendiko Lagunaken webgune edo sare sozialak kontsulta litezke.

Zirkuituaren xehetasunak

Zirkuituaren nondik norakoak kartelarekin batera islatu dituzte. Gorobel ibilaldiak 36 kilometro izango ditu, eta txikiak 25. Amurriotik aterako dira biak ala biak, eta Kontrabandisten ataka, Belandia, Gorbeo eta Menerdigako ataka zeharkatuko ditu. Handik Iturrigorrira joko du martxa laburrak; eta luzeak Ungino, Eskutxi, Kobata eta La Lastrilla gehituko dizkio txangoari. Iturrigorritik Lendoñogoiti, Mendeika eta Amurrio izango dira hurrengo puntuak, helmugara iritsi arte.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide