Otsemeak talde feministak bere 5. urteurrenaren ospakizunak abiatuko ditu bihar, Akelarrea antolatuta

Aitor Aspuru Saez 2020ko urr. 16a, 10:00
Udako solstizioan Otsemeak taldeak egindako Akelarre baten irudia. / Arkaitz Quincoces

San Anton plazan izango da Akelarrea 22:00etatik aurrera eta edukiera mugatua egongo da COVID-19 birusaren zabalpena ekiditeko.

Otsemeak talde feministak 5 urte bete ditu eta, zailtasunak zailtasun, zenbait ekintza antolatu ditu hori ospatzeko. Hala adierazi du taldeak: "5. urteurrenaren bueltan hainbat ekintza antolatuko ditugu urria eta azaroan asteburutan, egun bakarreko egitarau osoa antolatu beharrean; tailerrak, kontzertuak... Helburua da 5 urte luze bezain polit hauek feminista guztiekin ospatzea".

Berez, lehenengo jarduera biharkoa izango da. 22:00etan Akelarrea abiatuko dute San Anton plazan eta segurtasun eta prebentzio neurriak jarraiki, publikoa aulkietan eseri beharko da, segurtasun distantzia mantenduta.

Musika eta dantza

Otsemeak taldearentzat ez da estreinako aldia Akelarrei dagokienez. Izan ere, udako solstizioak ospatzeko bat baino gehiago antolatu dute azken urteotan. Hori bai, aurten musika zuzenean gehitu diote euskal dantzei, dantza modernoari eta testuen irakurketari. Aurreko hitzorduetan bezala, biharko saioa izango da egingo duten emanaldi bakarra.

Udaberritik lanean

Ikuskizuna udan plazaratzea zen taldearen asmoa: "Maiatzean hasi ginen guztia prestatzen, nahiz eta ekainaren 23rako spot moduko bat atera genuen. Asmoa jaietan egitea zen, baina egoerak ez digunez utzi -jaietako datetan zeuden ekintza guztiak bertan behera utzi zirelako- geldialdia izan genuen entseguekin. Irailaren amaieran hasi ginen berriz biltzen eta guztia prestatzen".

Irudi berria

Otsemeakek berritasun gehiago ekarriko ditu hurrengo asteetan: "Urteurrena aitzakiatzat harturik, merchandising berria aterako dugu logo berriarrekin batera".

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide