Urriaren 18an, igandean, gerturatu zuen euskal musikagileen oparotasuna Aiaraldera Ahotseneak. Durangoko Azokan sortzaileen lan berriak aurkezteko gunea izateagatik da ezaguna proiektua, baina koronabirusak eragindako pandemiaren ondorioz, egitasmoa berritu dute. Aurtengo edizioan Euskal Herriko lau txokotan banatu dituzte ekintzak: Zarautzen (Literaturia), Amurrion, Galdakaon eta Durangon.
Amurrioko eskaintza Aresketa Ikastolarekin elkarlanean osatu dute. Izan ere, Araba Euskaraz jaian gune berezia prestatzekoak ziren; eta eredu berriei ateak irekiz, antolatzaileek erabaki zuten musika maratoiarekin ixtea "Darabagu" lemapean garatutako zikloa.
Hala, larunbat iluntzean tokiko sortzaileak oholtzaratu zituzten, Aiala Dot eta Erlantz, Sabin Guaresti eta Bad Sound taldeen emanaldiekin. Izan ere, artista horiek izan dira, besteak beste, aurtengo kantua eta bideoklipa osatu dutenak:
Igandean, aldiz, 8 kontzerturen lekuko izatekoa zen Amurrio Antzokia, baina koronabirusa medio hiru talde ezin izan ziren bertaratu. Aiaraldea Hedabideak streaming bidez emititu zuen jaialdia.
Bost kontzertu
Rock, punk, irlandar eta folk doinuak entzuteko aukera egon zen egun osoan. Kyxo taldearen faltan, Otuz taldea izan zen taularatzen lehena. Jarraian igo ziren Deiedrako kideak, eta bazkalorduaren aurretik La Rekba taldeak asetu zituen entzuleak.
Arratsaldean, berriz, Basaki eta Perlatak bete zituzten metal eta punk doinuez Antzokira bertaratutako zaleak.
Argazkiak: Aresketa Ikastola