Kultur sorkuntza Aiaraldean

“Euskal artearen mitoa garaiko gizarte burgesak sortutakoa da”

Izar Mendiguren Cosgaya 2020ko urr. 28a, 09:28

"La crítica de arte en Bilbao: 1876-1937 comienzo de una andadura" liburua argitaratu du Andere Larrinaga Cuadrak. / Aiaraldea.eus

ANDERE LARRINAGA CUADRA (Amurrio, 1978) Arte Ederretako irakaslea da. Berriki argitaratu du La crítica de arte en Bilbao: 1876-1937 comienzo de una andadura liburua.

Arte kritikarien gerraurreko ondorioak jaso dituzu liburuan. Zertan datza lana?

Nire doktore tesia da, baina idazketa formatua aldatu eta liburu bilakatu dut tesia. Ikerketa egiten 5 urte baino gehiago eman ditut, irakasle lanak eta ikerketa sakonak uztartzeak ordu gehiegi eskatzen baititu. 4000 artikulu baino gehiago aztertu ditut liburua egin baino lehen.

Zein zen arte adituen funtzioa?

Garai hartako kritikariak arte modernoa gizarte burgesaren aurrean defendatzeko sortu ziren. Ostera Donostiak Bilbori martxa hartu zion, 1920ko hamarkadaren amaieran bertakoa da Abanguardia artistikoa. 

Euskal artistak kanpora joaten ziren ikastera, eta Euskal Herrira itzultzean, publikoa kontserbadorea zen. Horregatik behar ziren bitartekari kritikoak: modernotasunaren balioak lantzeko eta euren lanak defendatzeko. Guiard, Zuluaga, Losada, Arrue anaiak, Arteta, Tellaetxe, Zubiaurretarrak... izen asko utzi ditu garai horrek. Artista modernoei bultzada emateko oso garrantzitsuak ziren arte kritikariak.

Etapa tarte jakin bat hautatu duzu. Zergatik?

Gerraurreko garai hori, kultural eta artistikoki, oso oparoa izan zelako Euskal Herrian. Argitalpenaren hasieran testuinguru historikoa jaso dut aukeraketa hori justifikatuz.

“Euskal Arte garaikidean gerra aurrekoa eta ostekoa bereiziko nituzke”

Nola definituko zenuke garai hartako “Euskal Artea”?

“Euskal artearen ideia” historiatu nahi izan dut liburuan, kontzeptua noiz hasi zen jakiteko. “Euskal artearen mitoa” da horregatik kapitulu luzeena. Hain zuzen, 1900 urtetik aurrera hasi zen euskal identitatea artean lantzen. Euskal artearen mitoa garaiko gizarte burgesak sortutakoa da, Europako beste herrialdeek bezala. Garai hartan, dena enfokatzen zuten identitarioki. Katalunian, Frantzian, Alemanian... mugimendu kulturalak nortasuna definitzen murgiltzen dira, eta artea gogoeta identitarioei lotzen hasten da. Denek hitz egiten zuten euskal artea existituko balitz bezala, baina kritikariak ez ziren definizioan ados jartzen. Dena den, asko babesten zuten elkar. Hori kritikariengan ikusten da, euskal artearen sinesmenean 1910etik 1920ra sekulako gorakada egon zen. Data horren ostean, nahiz eta mito horretan sinesten jarraitu, ez zuten horrenbeste hitz egiten hari buruz, Nestor Basterretxea eta Jorge Oteizaren garaia heldu arte.

Zein data mugarri ditu hemengo sorkuntza artistikoak?

Machadok dioen bezala, gerrateak Espainiako garapena apurtu zuen. Nik Euskal Arte garaikidea gerra aurretik eta ostean bereiziko nuke. 
Gerra aurretik garapen handia egon zen, abangoardia ere sortu zelarik. Gerrateak barne exilioan geratu zirenak, erregimenari men egin ziotenak eta atzerrian geratu zirenak bereiztu zituen. Diskurtso horiek dira nik ikertutakoak. Izan ere, atzerrira jo zuten artisten ekarpena oso inportantea izan zen Euskal Herriaren historiatze prozesuan.

“Arte modernoa propaganda politikoa egiteko erabili zuten, karga politikoa eta folklorikoarengatik trukatuz”

Arte kritikariek zein diziplina jorratzen zuten, ikertutako denbora tartean?

Ni liburuan batez ere arte plastikoaz aritu naiz: pintura, eskultura, grabatua, argazkilaritza eta fotomuntaketa (collagearen ideia argazkilaritzara eramana). 

Atzerrira joandako euskal artistek, halako garrantzia izateko, zein ekarpen egin zuten?

Oteiza, esaterako, Amerikan zela harrapatu zuen gerrateak. Beste batzuk, aldiz, atzerriratu egin behar izan ziren. Oso errelato interesgarria da. Arte modernoaren garapenaren barruan modernotasun moderatua eta noucentisme deiturikoak daude; azken hau burgesiarentzat sortutako mugimendua zen Herrialde Katalanetakoa. 
Euskaldunak asko fijatzen ziren eurengan. Abanguardiak Euskal Herrian izen-abizenak ditu: Jorge Oteiza, Nikolas Lekuona eta Narkis Balentziaga (30eko hamarkadan). Lekuona gerratean hil zen, Balentziaga Oteizarekin joan zen 1935ean ikerketa egitera, eta han hil zen. Artea ikasteko atzerrira begiratu beharra suertatu zitzaien horiei, eta horregatik hasi ziren Parisera -artearen hiriburua- begira. Artea ikasteko mundura begiratu behar da.

Guda aroetan artea ulertzeko eta ekoizteko moduak jaso dituzu argitalpenean. Testuinguru sozial edo politikoarekin bat al datoz?

Bai. Euskal gizarte burgesaren ezarpenak zerikusi handia izan zuen horretan. 30eko hamarkadan Europako korronte intelektualen arabera definitzeko saiakera antzematen da; pintura burgesa baztertu eta arte kolektiboa sustatzen hasten dira (muralak, eskultura publikoak...). Gero, ordea, gerratea etorri zen, eta pikutara joan zen guztia.

Gerraren ondorioz, orduan, arteak pausaldia jasan zuen?

Frankisten artean baziren arte modernoaren aldekoak, baina frankismoak estetikoki planteamendu oso kontserbadorea zuen hasiera batean. Horrek panorama guztia aintzindu egin zuen, eta modernoek euren aurrerakoitasuna moderatu behar izan zuten lanean jarraitu ahal izateko. Erregimena, momentu batetik aurrera, ohartu zen Europan proposamen artistiko oso modernoak garatzen hasi zirela, eta arte modernoa erabiltzen hasi ziren aurrerakoitasun irudia emateko, nahiz eta autoritarismoa ezarria egon. Izan ere, oso ondo geratzen ziren Oteiza eta Chillidaren sari internazionalak, edo Millares zein Sauraren ekarpena atzerriari begira. Arte modernoa propaganda politikoa egiteko erabili zuten, karga politikoa folklorikoarengatik trukatuz. Euskal opera Madrilen estreinatzea folklorikoa zen eurentzat, ez politika. Zentsura ez bazen mezuaz gehiegi ohartzen, kritikak argia ikusten zuen.

"Etorkizun oparo eta bizia ikusten diot nik arteari. Zailena, nire ustez, gure estetizazioa da"

Emakumeen presentzia edo aitortzarik ba al zen artean garai hartan?

Margarita Nelken, esaterako, 1917tik 1922ra argitaratu zen Hermes aldizkarian lehen mailako kolaboratzaile izateko gonbidatu zuten; oso garrantzitsua izan zen, emakume aurrerakoienetako bat izan zelako. Gerora etorriko ziren emakume gehiago, baina ez zen ohikoena, salbuespenak ziren.

Zer da zuretzat arte kritikaria izatea?

Proposamen artistiko berriak testuinguru historiko artistiko finko batean jartzeko ahalmena duena. Askotan zuzenbidea ikasitakoak ziren. Zuazagoitia, aldiz, botikaria zen, baina asko irakurria zuen arteari buruz. 

Arte kritikaria idazlea ere bada, eta inportantea da estiloa (ez poetika). Nolabait esateko, sortzaile eta hartzailearen arteko bitartekariak dira. Jendea lehen arte galerietara ezer jakin gabe sartzen zen, eta koadro asko zeudenez, ikusleak kokatu behar ziren kritiken bidez. Orain aholkulariek egiten dute lan hori. Galerien negozioa krisialdian badago ere, badira online katalogoak dituzten txokoak.

Mende bat igaro da zuk ikertutako epealditik. Nola ikusten duzu artearen egungo egoera?

Etorkizun oparo eta bizia ikusten diot nik arteari. Zailena, nire ustez, gure estetizazioa da. Edonon ditugu irudiak, eta berezia izateko modua zaila da. Hor ikusten dut nik kritikari eta bitartekariaren beharra. Irakurtzeko joera galtzen ari gara, baina online ere topa daitezke kritikak, egunkarietan edota blogetan. Peio Agirre, Haizea Barcenilla, Miren Jaio, Ismael Manterola, Garazi Ansa, Mikel Onandia... Ahots interesgarri asko daude Euskal Herrian ere.

Kultur zirkuituak falta dira artea ezagutu edo kontsumitu ahal izateko?

Erakusketa aretoak babestu behar dira. Instituzioek hor oso lan garrantzitsua dute, mantenua eta araketa behar dutelako horrelako tokiek. Dirua ezin da denean gastatu, eta politikariek egiten dute aukeraketa. 

Galeria bat hemen jartzea pentsaezina da, ez dagoelako negoziorik. Elkarte edo bestelako espazioetan eraskusketa aretoak atontzeko aukerak bilatzean dago gakoa. Artea pribatuki ezingo da garatu, eta beraz, sektore publikotik etorri beharko da, Aiaraldean ere. Artea jendartearentzat garrantzitsua da, mundua kritikoki irakurtzeko gaitasuna ikasten baita arteen bidez (musika, dantza, arte plastikoak...). Babesik ezean, ikasketak bukatu eta plaza hutsa geratzen da.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide