ELIZABETH ESTRADA TESTON

“Instagramen bidez bizitzea posiblea da, baina lan ezegonkorra da”

Txabi Alvarado Bañares 2020ko urr. 30a, 07:00

Instagramen (@lahuellademistacones) eta lahuellademistacones.blogspot.com blogean argitaratzen du Elizabeth Estrada Testonek. / La huella de mis tacones

Urteak daramatza ELIZABETH ESTRADA TESTON amurrioarrak modari buruzko argitalpenak partekatzen. 100.000 jarraitzaile baino gehiago ditu Instagramen. 

Nola hasi zinen modaren munduan?

Dena kasualitatez hasi zen, egia esan. Oso gustuko nuen modari buruzko blog bat jarraitzen hasi nintzen. Asko identifikatzen nintzen blogeko neskaren estiloarekin, eta gosaltzen ari nintzen bitartean, egunero itxaroten nuen bere posta argitaratua ikusteko eta bere eguneroko look-a ikusi ahal izateko eta, benetan gustatzen bazitzaidan, nire estilo eta ekonomiara moldatu ahal nuen ikusteko. 

Horrela hasi nintzen pixka bat mundu honetara zaletzen. Horrela, pentsatu nuen, hainbeste gustatzen bazitzaidan... zergatik ez ote nuen nik ere modari buruzko blog bat egiten? Eta blogger plataforman nire blog propioa sortuz hasi zen nire ibilbidea.

Blog batekin hasi zinen, baina orain sare sozialetan ere bazaude. Nola egin duzu salto Instagramera?

Egia esan, dena pixka bat lotuta doa. Blogarekin hasi nintzen, zuk diozun bezala, eta horrek Facebook orri bat ere egitera eraman ninduen gero. Instagram urte pare bat geroago etorri zen. Sare sozial horrekin beranduago hasi nintzen, baina plataforma hazten joan zen, “boom” batean bilakatu arte. Uste dut bertan garaiz hasteak dezente lagundu nauela.  

“Instagramen garaiz hasteak nire ibilbidean dezente lagundu didala uste dut”

Instagram da, beraz, zure tresna nagusia?

Bai. Orain “booma” Tiktok da, baina horretarako ez daukat denborarik. Instagram da gehien gustatzen zaidan sare soziala, oso bisuala da eta, egia esan, gaur egun jende gehien mugitzen duen sareetako bat da. Sare sozial horren igoerarekin, blogak ere pixka bat desagertzen joan ziren. Jendea jada ez zen sartzen horiek irakurtzera, bertan ikusten nuen guztia Instagrameko argazki bakar batean ikus nezakeelako, eta agian horregatik gehiago zentratu nintzen sare horretan. Bloga, gaur egun, pixka bat geldiago daukat, baina laster helduko diot berriz. Ireki nuen lehen gauza izan zen, eta pena handia ematen dit hiltzen uzteak.

100.000 jarraitzaile baino gehiago dituzu Instagramen. Zein da arrakastaren formula?

Aurreko galderetan aipatu dizudana. Oraindik horren zabaldua ez zegoenean hasi hasi nintzen Instagramarekin. Oso konstantea nintzen nire argazkiekin. Egunero argitaratzen nuen nire argazkia nire look-arekin Instagramen, eta badirudi jendea  horretara zaletu egin zela. Zale kopurua igotzea ez da erraza, eta are gutxiago orain, jende asko dagoelako. Nire "arrakastaren" zati bat hori dela uste dut, nire konstantziaz gain: beti egon naizela eskura, baita udan ere. Jendeak pixka bat deskonektatu eta oporretan jarraitzen zuenean, nik nire argazkiak lantzen jarraitzen nuen. Horretaz aparte, beti izan naiz gertuko pertsona bat, egiten didaten galdera bakoitzari erantzuten saiatzen naiz edo norbaitek zerbaiti buruzko aholkua eskatzen didanean laguntzeko ahalegina egiten dut.

“Ez zait gustatzen nire bizitza pertsonala sareetan erakustea. Beti kontatzen dira gauzak, baina neurri bateraino. Bereizten jakin behar dela uste dut”

Nola aukeratzen duzu argazkietan jantzita daramazun arropa?

Bakoitzak estilo propioa duela uste dut. Denok dakigu zer gustatzen zaigun edo zer ikusten dugun "gutxi gorabehera ondo". Nik nire estiloa daukat. Dendetako app asko begiratzen ditut, eta gustuko jantziren bat ikusten dudanean, jantzi hori nik etxean daukadan beste zeinekin konbinatu dezakedan pentsatzen dut. Bestela, agian look bat pentsatzen dut, eta falta zaidan beste jantzi hori bilatzen dut. 

Hori bai, gero jarrita ikusi behar dut. Izan ere, batzuetan zerbaiten gaineko ideia bat egiten dugu eta janzten dugunean ez dago nondik hartu edo, besterik gabe, ez gaitu uste genuen bezala sentiarazten. 

Instagrameko lagunei ere erreparatzen diet edo, besterik gabe, sarean argazkiak begiratuz, gustatzen zaidan look-en bat ikusten dut eta nire eremura eramaten dut. Azkenean, denak inspiratzen gara norbaitengan, edo ikusten dugun gauza bakoitzetik pixka bat hartzen dugu. Inoiz gertatu izan zait kalean neska bat ikustea era bere look-a deigarria iruditzea. Buruan iltzatuta geratzen zait, eta gero, noski, nire estilora egokitzen dut. 

Luzea da argazki bat pentsatu eta argitalpena egin arteko bidea?

Bai, asko. Denbora da behar duzun lehen gauza. Laguntza behar duzu argazkiak egiteko, eta lagunduko zaituen pertsonarekin elkartu behar zara.  

Ni pixka bat zorrotza naiz arlo horretan. Lehen nire bikotekideak egiten zizkidan argazkiak, eta argazkilaria zen. Berak ezin izan dituenean egin, argazkilari bat bilatu dut Gaur egun berarekin egiten dut lan. Biak geratu ahal izatea ez da erraza, gure bizitza edo lanak baititugu. Geratzea lortzen dugunean, look-ak egiten ditugu, etxera iristen gara, argazkiak editatzen ditugu eta gehien gustatzen zaidana edo look-a hobekien erakusten duena aukeratzen dugu, Instagramera igotzeko. Igo ondoren, jendearekin hitz egin behar da, “Atsegin dut” botoiari eman, iruzkinak erantzun, pribatuak eta abar, baina hori norberaren auto-exijentzia mailaren araberakoa da. 

“Asteko zazpi egunetan nago sareetara konektatuta, 24 ordu egunean. Milioika aldiz sartzen naiz, iruzkinen bat begiratzera edo erantzutera baino ez bada ere”

Oro har, nolakoa izaten da zure bizitzako egun arrunt bat? 

Gaur egun ez diot kontu honi behar adina denbora eskaintzen. Beste lan bat daukat, nire denboraren %70 kentzen didana. Jardun zatituan lan egiten dut, eta horrek denbora gutxi uzten dit Instagramerako. Lehen, nire argitalpen ordua (hori ere garrantzitsua da) beti zen 8:30ean, ordu horretan dedikatu ahal bainion denbora gehien sare sozialei. Orain nire argitalpen-tartea gauean topatu dut. Ordu horietan etxera iristen naizenean horixe da jendearen galderak erantzuteko dudan denbora bakarra. Baina denboraren nozioa galtzen dut. Egun batzuetan, konturatzen naizenerako, goizaldeko ordu bata da eta oraindik ez dut afaldu...

Ez dut horrela izatea nahi, baina ez dizut ukatuko: asteko zazpi egunetan nago sareetara konektatuta, 24 ordu egunean. Milioika aldiz sartzen naiz, galderaren batekin utzi didaten iruzkinen bat begiratzera edo erantzutera baino ez bada ere. Argazkiak behin bakarrik editatzen saiatzen naiz, eta sakelekora bidaltzen ditut, hori baita, azken finean, lan egiteko tresna. 

Zure sare sozialak erabat bideratuta daude “instagramer” gisa egiten duzun lanera. Nola uztartzen dituzu zure bizitza pertsonala eta bizitza publikoa?

Nire bizitza bakarra da, ez dut bereizketarik egiten. Baina, aldi berean, ez dut nahasten. Neska normala naiz, xumea, ez dut uste bizitza publikoa dudanik. Egia da baten batek kalean hitz egiten dizula, jarraitzen dizula esan edo argazki bat elkarrekin ateratzea eskatzeko. 

Polita iruditzen zait hori, jendearengana hurbiltzen zaituelako. Baina, aldi berean, onartzen dizut lotsa ematen didala (barreak). Egia da, halaber, ez zaidala gustatzen nire bizitza pertsonala sareetan erakustea. Beti kontatzen dira gauzak, baina neurri bateraino. 

Bereizten jakin behar dela uste dut. Nik errespetatzen dut bizitza pertsonala erakusten duena. Normala iruditzen zait, lagun asko ditut hori egiten dutenak. Baina nik banantzea nahiago dut.

“Denbora asko dago argitalpen bakoitzaren atzean”

Posible al da egiten duzun lanetik profesionalki bizitzea? Zeren arabera?

Bai, posible da, baina lan ezegonkorra da. Lehen esan dizudan bezala, Instagram boom bat izan zen. Marka askok sare horri erreparatzen zioten, jende askorengana iristeko modua zelako. Baina ezegonkorra da, hilabete bat oso ondo joan daiteke eta soldata normala edo altua jaso dezakezu. Beste hilabete batean, aldiz, batez bestekoaren oso azpitik egon zaitezke. 

Jakina, horretan lan egiteko, denbora asko eskaini behar diozu, dedikazio handia, konstantzia handia... Hori ere ez da erraza. Horretaz bizi ahal izateko autonomo bilakatu behar zara, beharrezkoa baita hori fakturatu ahal izateko. Horrek beste gastu batzuk ere badakartza eta, beraz, gehiago lan egin behar duzu, lankidetzak eta bestelakoak egin, hori dena errentagarria izan dadin. 

Bizi dugun garai arraro honen erdian, zein dira epe labur, ertain eta luzerako dituzun erronkak?

Epe laburrean, denbora gehiago eskaini ahal izatea dut erronka nagusi. Horretarako astirik ez dudala sentitzen dut, eta batzuetan sumindu egiten nau nahi nukeen denbora eskaini ezin izateak, lortzen dudan lana ere horren araberakoa delako. 

Epe ertainera, aldiz, hauek dira nire xedeak: pixkanaka aurrera egitea, jendea nirekin eta nire estiloarekin identifikatzen jarraitzea eta jende gehiagorengana iristen jarraitzea. Epe luzera, sortzen dena, datorren guztia, ongi etorria izango da.  

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide