8 hilabeterako Aldi Baterako Enplegu Erregulazioko Espediente berria aurkeztu du Tubos Reunidosek, %66ko eraginarekin

Txabi Alvarado Bañares 2020ko urr. 23a, 19:12

Tubos Reunidoseko langileak, pandemiaren lehen hilabeteetan eginiko protesta batean.

Enpresak bideragarritasun plana aurkezteke duela nabarmendu du LAB sindikatuak, eta zuzendaritzako kideek azken urteetan euren soldata bikoiztu dutela ere salatu du. 

Aldi Baterako Enplegu Erregulazioko Espediente berria aurkeztu du Tubos Reunidoseko zuzendaritzak. Espediente berri horren eragina %66koa izango litzateke eta zortzi hilabete iraungo luke, LABek salatu duenez.

Sindikatuaren arabera, “zentzugabekeria” da planteatutakoa, “zuzendaritzak 2020 eta 2021erako bideragarritasun plana aurkeztea aurreikusita duenean 2020a amaitu aurretik”.

Gauzak hala, sindikatuak uste du ezin dela horrelako espediente bat onartu, langileei azalduko dieten etorkizunerako proiektua oraindik plazaratu gabe dagoelako. 

“Kokoteraino”

LAB sindikatuak nabarmendu du langileak “kokoteraino” daudela  zuzendaritzak ABEEEak “malgutasunerako tresna moduan” erabiltzeaz.

“Kokoteraino gaude enplegu suntsiketaz eta eros-ahalmenaren galeraz, ABEEEak gehiegi baliatzeagatik sortutakoak, eta kokoteraino gaude, baita, 2017tik hona gure lan-baldintzak hobetu eta soldatak hobetzearen inguruan negoziatzeari ematen dioten ezezkoaz”.

Zuzendaritzaren soldatak

Gainera, sindikatuak nabarmendu du Tubos Reunidos talde zuzendaritza-batzordeko kideek euren soldatak bikoiztu dituztela azken urteetan, “enpresaren egungo antolakuntza kaosaren erantzuleak” diren arren.

“Guzti horrengatik, ABEEE hau bertan behera uztea eta enpresa bizi duen noraezatik ateratzea ahalbidetuko duen bideragarritasun plana exijitzen dugu”.

Erlazionatuak

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide