Azken egunak oso biziak izaten ari dira Tubos Reunidos Industrial taldean. Hasteko, atzo bildu ziren zuzendaritzako ordezkariak eta enpresa batzordeko kideak eta sindikatuek jakinarazi dute akordiorik gabe amaitu direla Aldi Baterako Enplegu Erregulazioko Espedientearen negoziazioak.
Gauzak horrela, LABek azpimarratu du azaroaren 1ean sartuko dela indarrean espedientea 8 hilabetez. 686 langileri eragingo dio eta jardunaldien %66koa izango da sail gehienetan eta % 39koa sail jakin batean. “Kasualitatez, zuzendaritza espedientearen ezarpentik kanpo geratzen da berriro ere” erantsi du erakundeak.
Bideragarritasun plana eta berregituraketak
Langile batzordeak adierazi duenez, zuzendaritzak bideragarritasun plana aurkeztuko die urte amaieran. LABek nabarmendu du Tubos Reunidos Industrial taldeko presidentea den Francisco Irazustak neurri traumatikoak baztertzen dituela, baina balizko planean “berregituraketak” aurreikusi dituztela.
59,3 milioi euroko galera 2020an eta okerrena heltzear
Bestalde, gaurko akziodunen batzarrean taldeko zuzendaria den Carlos Lopez de las Herasek azaldu du enpresak 59,3 milioi euro galdu dituela aurtengo lehen 9 hilabeteetan. 10 milioi lehen hiruhilekoan, 35,3 bigarrenean eta 13,6 hirugarrenean.
Hau da, iazko galerak -26,4 milioi- bikoiztu ditu eta, gainera, emaitza okerragoak espero dituzte 2021eko lehen hiruhilekoan. Izan ere, 2020an iazko eskaerekin eutsi diote ekoizpenari eta aurten ez dute eskaera askorik jaso, euren bezeroen proiektu energetikoak atzeratu baitira COVID-19 birusaren ondorioz.
Guztira, 2020ko salmentak 189 milioi eurokoak izan dira, iaz baino %10 gutxiago.
Gainera, emaitza okerragoak espero dituzte 2021eko lehen hiruhilekoan
Neurri zuzentzaileak abian
Tubos Reunidos Industrial taldeko arduradunek ziurtatu dute estrategia aldatzen ari direla eta, besteak beste, Malasian bulegoa irekiko dute bezero berriak bilatzeko.
Dena dela, Irazustak uste du pandemia bukatu bezain laster, hodiak berriro saltzen hasiko direla eta, gainera, demokratek irabaziko balituzte Estatu Batuetako hauteskundeak, muga-zergak desagertuko lirateke eta burtsako kotizazioak gora egingo luke automatikoki.
Printzipioz, Francisco Irazusta presidenteak argitu du ez dutela langileak kaleratzeko asmorik, nahiz eta Estatu Batuetan beharginen %34a bota duten jadanik.
Enpresaren salmenta
Azken egunotan burtsan egon dira kotizazio aldaketak Tubos Reunidos Industriali dagokionez, eta horrek zurrumurruak piztu ditu. Ondorioz, atzo zuzendaritzak agerraldia egin zuen ziurtatzeko ez dutela taldea salduko edo bestelako enpresa siderurgikoekin batuko.