Josune Irabienek Amurrioko alkatetza utzi du Eusko Jaurlaritzan ardura berriak hartzeko

Aitor Aspuru Saez 2020ko aza. 10a, 13:17

Josune Irabienek hiru aldiz irabazi ditu hauteskundeak.

Bere hirugarren legealdian uko egingo dio alkate izateari Eusko Jaurlaritzako zuzendaritzetako bat onartzeko. Zehazki, Toki Administrazioekiko Harremanetarako eta Administrazio Erregistroetako zuzendari izendatu dute. Txerra Molinuevo izango da alkate berria.

Josune Irabien amurrioarrak alkatetza utzi du Eusko Jaurlaritzara batzeko. Amurrion hiru udal hauteskunde irabazi ostean, Eusko Jaurlaritzako Toki Administrazioekiko Harremanetarako eta Administrazio Erregistroetako zuzendari izango da. Horrela, Olatz Garamendi Gobernantza Publiko eta autogobernuko sailburua buru duen saileko kide moduan arituko da.

Azken 6 urteetan hainbat aldiz kokatu dute zurrumurruek Irabien Eusko Jaurlaritzan. Orain arte, ordea, ez da hori gertatu. Pasa den astean agurtu zituen udal langileak alkate ohiak eta laster ekingo dio lan berriari.

Josune Irabienek ibilbide politiko luzea egin du aurretik: 2007an Arabako Batzar Nagusietan ordezkari izendatu zuten eta Aiarako Kuadrillako kide bezala ere aritu zen. Horrez gain, EAJko zerrendetan parte hartu du, besteak beste, 2016ko Legebiltzarreko Hauteskundeetan. 2011n bilakatu zen Amurriok izandako lehen alkate emakumezkoa.

Alkate berria

Irabienek uko egin ostean, lekua utzi dio Txerra Molinuevori, bi legealdiz alkateordea izan denari, hain zuzen.

EAJk oharra plazaratu du Irabienek eginiko ibilbidea goraipatzeko eta bere etapa berrian zorte ona opatzeko: "EAJ-PNV Amurriotik eskerrak eman nahi dizkiogu, bihotzez, Josune Irabieni, urte hauetan guztietan herriko erakundearen buru gisa egindako lanagatik, eta zorte onena opa nahi diogu. Izan ere, bere lanarekin eta dedikazioarekin, etapa profesional berri eta ilusionagarri honetan, ziur gaude euskal herritarroi, oro har, eta, bereziki, euskaldunoi, gure ongizatea eta bizi-kalitatea hobetzen laguntzen jarraituko digula".

Erlazionatuak

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide