Atzo Amurrioko frontoiak hitzordu berezia zuen, baina Eusko Jaurlaritzako neurrien ondorioz, publikoak ez zituen eserlekuak bete. Hori bai, izarrak ez ziren faltatu pilotalekuan.
EITBko pilotako kazetariak ez ezik, puntako jokalariek eta epaileek hartu zuten kantxa. Lehen partidan Oinatz Bengoetxeak eta Asier Agirrek jokatu zuten. Norgehiagoka berdindua izan zen eta ikusleen faltan, Bengoetxearen motibazio oihuek bete zuten pilotalekua.
Gorabehera askoren ostean, partidaren azken txanpan Agirre ibili zen finago eta 22-17 irabazi zuen.
Larrazabal kantxara
Agirre eta Bengoetxearen ostean, Iker Larrazabalek eta Ander Imazek alde batetik, eta Aimar Olaizolak eta Endika Uriondok bestetik, osatutako bikoteak atera ziren beroketa ariketak egitera.
Partida hasi baino lehen, Amurrioko Udalak oroigarria oparitu zion Larrazabali eta norgehiagoka hasi zen.
Hasierako puntuetan oso berdindua egon zen lehia. Akats gutxi egin zituzten jokalariek eta Larrazabalek ondo eutsi zien Olaizolaren erasoaldiei. Eta ez hori bakarrik, tarte luzean amurrioarra eta Ander Imaz egon ziren aurretik markagailuan.
Partidaren azken zatian, ordea, pilota ez hain bizkorrak baliatuta, Olaizolak eta Uriondok euren legea ezarri zuten eta apurka-apurka menderatu zituzten Larrazabal eta Imaz. Azken puntu horietan sasoi fisiko apur bat hobea bota zuen faltan Larrazabalek, Olaizolaren erasoak ezerezean uzteko.
Partida amaituta, Larrazabalek onartu zuen bere arerioek hobeto egin zutela azken txanpan eta hobetu beharra duela. Halaber, aipatu zuen pena handia izan zela Amurrion publikorik gabe jokatzea.
Bestalde, Olaizolak oso modu positiboan hitz egin zuen amurrioarrari buruz eta adierazi zuen irakatsi ezin daitekeena badakiela eta hobetzea besterik ez zaiola falta izarra izateko.
Maria Sanchez epaileak, bere aldetik, Aiaraldea Hedabideari aitortu zion sentsazio arraroa sortzen duela publikorik gabe aritzeak. Hala eta guztiz ere, aspaldi hasi zenez eliteko jokalarien norgehiagokak epaitzen, ez zuen berebiziko arazorik izan.