Azaroaren hasieran izandako lan istripu baten ondorioz hil zen Maria Angeles Villate Ugarte. Ezagunek Angelines deitzen zuten, eta guztiek azpimarratu dute hutsune izugarria utziko duela.
Alberto Albizurik betidanik ezagutu zuen, delikarra da bera ere eta. Euskara ikasten hasi ziren duela hainbat urte, "oraindik klasekideak urtero batzen gara". Horren ostean, biek izan dituzte elkarrekin ardurak Delikako Administrazio Batzarrean, eta tristura handia sortu dio haren galerak: "Angelines beti zegoen dena emateko prest, bai bere negozioan, zein herrian, etengabe. Oso langilea zen, interes propiorik gabe gainera, herriaren mesederako."
Albizurik azaldu du Delikan edozein arazo egonez gero, Angelines zegoela zerrendan lehenengo postuetan laguntza eskuratzeko: "Batzordekidea izan ez ezik, Arrastariakoak elkartean egon zen hasieratik, eta Delikako Txokoaren presidentea ere bazen. Berez, Administrazio Batzordean askotan bere gain hartzen zituen inork nahi ez zituen ardurak: ordenagailuekin zerikusia zuen dena, eta ur kontsumoaren irakurketak, adibidez."
Herrikidearen ustez, nekez beteko da Angelinesek utzitako hutsunea: "Herri txikietan gero eta jende gutxiago dago, eta Angelines bereziki garrantzitsua zen oraindik lurrari lotuta lan egiten dugunontzat. Inoiz ez zuen etsairik izan. Maiz, norbait hiltzen denean, gauza politak esaten dira berari buruz, baina Angelinesen kasuan guztiak merezi izan ditu".
Alberto Albizurik ziurtatu du edozein arazo egonez gero Delikan, bera deitzen zutela, beti laguntzeko eta lan egiteko prest baitzegoen Angelines
Noemi Lorente Amurrioko Udaleko langileak ere ezagutu zuen, landa eremuari lotuta, eta antzeko hitzak ditu Angelinesi buruz: "Bere bi grinei -txakolinari eta Delikari- baldintzarik gabeko dedikazioari esker, beti egongo da gurekin. Lurrarekiko, landa-lanarekiko, nekazaritzarekiko, gure paisaiaren kontserbazioarekiko eta Arrastariako herriekiko zuen maitasunari esker, asko lagundu zuen eskualdean txakolinaren laborantza berreskuratzen, tokiko produktuak sustatzen, salmenta zuzena eta hurbilekoa egiten, nekazaritza-sektorea berreskuratzen eta emakumeek landa-eremuan egiten duten lana ikusarazten".
Dudarik gabe, Lorentek alderatu du Arzabro txakolinarekin, lan handia egin baitzuen ardoa ekoizten: "Zure upategia bezalakoa, familiarra, xumea, benetakoa… Zure txakolina bezalakoa freskoa, goxoa, orekatua... aho-zapore bikaina utzi diguzu, iraunkorra, eta badakigu zuretzat lurra arina izango dela".
Izan ere, txakolinean buru-belarri eman zuen bere bizitzaren zati handi bat. Jose Antonio Merino Arabako Txakolin elkarteko gerenteak gogoratu du azoka guztietara joaten zela, eta bere mahaia prestatzeari berebiziko garrantzia ematen ziola: "Mahai-oihala inork baino dotoreago jartzen zuen, eta txakolina inork baino hobeto zerbitzatzen zuen".