ARGAZKIAK ETA BIDEOA

Amurrioko Txirrindulari Elkarteak jaso du Urrezko Guk Saria

Txabi Alvarado Bañares 2020ko aza. 15a, 07:15

Atzo egin zen Urrezko Guk Sariaren ekitaldia. Amurrioko Txirrindulari Elkarteko kideek jaso zuten oroigarria, 50 urteetan zehar eginiko lanaren aitortza gisa. 

Udaberrian zen egitekoa Urrezko Guk Saria emateko ekitaldia, baina COVID-19aren pandemian udazkenera arte atzeratu du ekimena. “Ahaztuko ez dugun urtea izan da honakoa. Maskara jantzita eraman behar izan dugu, ezin izan ditugu lagunak ikusi”, azaldu zuen Txerra Molinuevo alkateak atzo Amurrio Antzokian eginiko ekitaldian, “baina beste gauza bat ere oroituko dugu urte honetatik: Amurrioko Txirrindulari Elkarteak Guk Saria jaso zuela”. 

50 urte bete ditu elkarteak aurten. Hainbat ekintza egin nahi zituzten urteurrena ospatzeko, baina elkarteko kideek atzeratu behar izan dituzte, COVID-19aren pandemia dela eta.

Gauzak hala, 2021ean egin nahi dituzte jarduera horiek. “Hitzaldi batzuk egitea aurreikusi dugu, txirrindulari profesionalekin”, azaldu zuen Imanol Uzabal Altubek. Elkarteko presidenteak aurreratu zuen datorren urtean Amurriotik abiatuko dela Euskal Herriko Itzulia. “Erakusketa bat egingo dugu La Casonan, lasterketaren egunetan”. 

Liburua, labean

Horrez gain, elkarteari buruzko liburua ere prestatzen ari dira. “Prezio merkean jartzea da asmoa, amurrioar guztiek ale bat etxean izan dezaten”, azaldu zuen Alfredo Cerrillok ekitaldian. Bera izan zen saria jasotzeaz arduratu zena, Josune Irabien alkate ohiaren eskutik. Modu horretan eskertu  zioten elkartearen alde urte luzez egindako lana. 

Eskerrak

Txirrindularitza “kirol herrikoia” dela aldarrikatu zuen Uzabalek ekitaldian, “ez da sarrerarik eskatzen, eta zaleek euren idoloengandik gertu egoteko aukera dute”. Horregatik, elkartearen jarduna babestearen beharra jarri zuen mahai gainean. Ildo beretik, eskerrak eman zizkien taldearen babesleei eta Amurrioko Udalari. “Josune Irabieni eman nahi dizkiogu eskerrak batez ere, txirrindularitzaren aldeko apustua egiteagatik”. 

Aurrera begirako erronkak ere izan zituen hizpide elkarteko bozeramaileak: “Taldera neska gehiago batzea nahi dugu, parekidetasuna benetakoa izan dadin”. Bukatzeko, Euskaraldira batzeko gonbita luzatu zien bertaratutako guztiei. “Kalean eta errepidean ikusiko dugu elkar”. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide