Valvospain-Ituarteko ELAko sail sindikalak oharra plazaratu du lantegian egon diren azken mugimenduen berri emateko. Enpresa hartzekodunen lehiaketan dago 2019ko ekainetik. 90 langile eta 35 milioi euroko zorra duela azaldu dute sindikatuko kideek, “jabeen kudeaketa kaskarra eta estrategia txarra” dela eta.
Pandemiak hartzekodunen lehiaketa atzeratu arren, abuztuan amaitu zen enpresa ekoizpen unitate moduan erosteko eskaintzak egiteko epea. Aurkeztutako eskaintza guztiak “oso kaltegarriak” direla nabarmendu dute langileen ordezkariek, guztiek aurreikusten baitute gaur egungo langile kopurua %70 jaistea.
Aldi Baterako Enplegua Erregulatzeko Espedienteari helegitea
Horrez gain, martxoan Aldi Baterako Enplegua Erregulatzeko Espedientea ezarri zen, pandemiaren ondorioz. Neurriak indarrean jarraitzen du, ELAren aburuz, “2 luzapen automatiko izan baititu”. Gauzak hala, etxean zortzi hilabete igaro dituzte dagoeneko langileek, “prozesua noiz amaituko zain”.
Hori dela eta, espedientearen azken luzapenari helegitea jartzea erabaki du sindikatuak. “Gaur egungo egoerak lehiaketaren intereserako baino ez du balio, langileak enpresatik urrun mantentzeko. Bitartean, espedientetik kanpo, zuzendaritzak soldatak kobratzen jarraitzen du, nahiz eta lantegian ia jarduerarik ez izan”. Gauzak hala, espedienteak zentzurik ez duela nabarmendu dute, “langabezian itxaroten jarraitzera kondenatzen duelako beste enplegurik bilatu ezinik eta amaiera datarik gabe”.