“Kate goxoa” ekimena abiatu dute Amurrioko ikastetxean. Pandemia garai honetan pertsonen arteko hurbiltasuna sustatzea izango da egitasmoaren xedea. “Ez dugu ahaztu nahi pertsonok poza, laguntza, hurbiltasuna eta indarra kutsatzeko eta transmititzeko dugun gaitasuna, nahiz eta gure artean distantzia egon”.
Familiek etxean gailetak egin eta beste sendi bati oparitzean datza ekimena. Horrela azaldu dute ikastetxeko kideek: “Parte hartzen duzuen guztiok nahi duzuen bezala sortu ahal izango dituzue gailetak eta, horiek oparitzeko unean, argazki edo bideo bat egingo duzue gaileta erakusteko, eta han azalduko duzue nori oparitzen diozuen eta zer kutsatu nahi diozuen”.
Bideo eta argazkiak ikastetxeko sare sozialen bidez zabalduko dituzte. “Garrantzitsua da ikastetxearen izena jartzea eta ikastetxea etiketatzea @amaurreikastetxea ; horrela, argazki guztiak jasoko ditugu eta guztiak bilduko ditugu. Bestela, posta elektronikoz bidali nahi badiguzue, komunika@amaurre.eus helbidera idatz dezakezue”.
Horma-irudi bat sortuko dute ikastetxean, jasotzen dituzten irudi guztiekin. “Gabonak baino lehen, guztion artean sortutako katea osorik izango dugu eta Amurrioko plazan aurkeztuko dugu”, aurreratu dute.