Liburuen azalak sortzea duzu ogibide gaur egun. Nola heldu zara horraino?
Nire diseinatzaile hastapenak Arte Ederretan izan ziren. Diseinu grafikoan espezializatzean, eta karrera amaitutakoan, trebakuntza jasotzen jarraitu nuen. Orduan, praktikaldiak burutu eta berehala hasi nintzen lanean enpresa batean. Hainbat urtez leku ezberdinetan egon ostean, Elkar argitaletxeko dei bat jaso nuen, portfolioa bidali ondoren; hau ikusi eta interesa zeukatela adierazi zidaten. Handik gutxira lanean hasi nintzen Elkar-en Donostiako egoitzan.
Hau guztia orain dela lau urte gertatu zen. Hasiera batean urte baterako izango zela komentatu zidaten, baina azkenean Elkarreko diseinu departamentuko lantaldean geratu naiz.
Elkar gisako argitaletxeen lehenbiziko orriak sortzea, erantzukizun edo presio handia al da?
Egia esan, erronka bat dela esango nuke. Liburu baten azalaren atzean interpretazio asko, buruhauste dezente eta prozesu kreatibo bat daude. Batzuetan oso erraz ikusten dut liburu baten interpretazio bisual hori nola egin; baina askotan, liburuaren barrenak irudi batean egitea zaila izaten da, eta noski, zalantzaren aurrean, sormen bilerak egiten ditugu, bai gainontzeko disenatzaileekin, eta baita editoreekin ere.
Nolakoa da liburu baten azala sortzeko prozesua?
Lehenik eta behin editoreekin hitz egiten dugu, liburuaren nondik norako guztiak ondo ezagutzeko. Nobelak direnean, gehienetan, liburua irakurtzen dut, bere tonuaz, giroaz, eta guztiaz ondo blaitzeko. Irakurtzen noan heinean, ideia ezberdinetan pentsatzen dut. Batzutan paragrafo batekin pizten zait argia; beste batzutan, aldiz, liburuan jorratzen den kontzeptu zabalago batean oinarritzen naiz.
Lehen pauso hori eginda, orduan dator gure lanaren mamia: buruan daukaguna irudikatu, marraztu, zirriborroak egin eta apunteak hartzea. Labur esanda, pentsatutako ideiak nola islatu ditzakedan ikusi behar dut, orri batean irudikatuta. Hortik abiatuta, batzuetan irudiak bilatu beharra dago; eta bestetan, guk sortzen ditugu teknika ezberdinak erabiliz (argazki muntaia, ilustrazioa, bien arteko nahasketa…).
“Benetako aitortza idazleen partetik jasotzen dugu guri helarazten digutenean”
Azkenean beti izaten ditugu 2 edo 3 zirriborro nahiko landuak, eta horietako bat hautatzen dut editore eta idazleei aurkezteko. Oniritzia daukadanean behin-betiko azala sortu behar izaten dut.
Kasu batzuetan beste ilustratzaile eta argazkilariekin egiten dugun lan, azalak estilo jakin bat behar duenean. Gure lana, hortaz, Euskal Herriko ilustratzaileekin eta argazkilariekin hitz egitea ere bada.
Idazleek buruan dutena ilustratzea dagokizu. Zertan oinarritzen zara marrazki, edo estiloren bat edo beste aukeratzeko?
Normalean guri uzten digute azaletan pentsatzen. Gero bai, editore eta egileek onespena eman behar dute, aproposa dela baieztatzeko. Kasu gutxi batzuetan, azala ez da zerotik sortu behar; azalean egon behar den irudia bidaltzen digute, eta guk egokitu edo moldatu behar dugu.
Teknikari dagokionez, nik gehien egin dudana argazki muntaiak izan dira, sortu ditudan azal gehienak literaturako nobelak izan direlako, baina gazte-nerabeentzako liburuetan, gehienak, ilustrazioak izan dira. Esan dudan bezala, batzuetan guk egiten ditugu ilustrazio horiek, baina bestetan, kanpoko egileren bati eskatzen diogu lan hori, bere estiloa zehatzagoa izan daitekeelako.
Zeintzuk dira orain arte egindako zure lanak? Zein idazle edo libururen eskaerak pasa dira zure eskuetatik?
Azkeneko lanak hauek izan dira: Odolekoak, Antxiñe Mendizabalen nobela; Ibaiertzeko ipuina, Oihane Amantegirena; Solitude, Juan Lekuerena. Itzulpenen barruan, berriz, Lisboako setioaren historia, Jose Saramagorena dago. Eta azkeneko-azkenekoa, Literaturako Nobel Saria irabazi zuen Erabili goldea hilen hezurren gainetik liburua izan da, Olga Tokarczukena.
“Gure lana ezkutuagoa da, nahiz eta agerian egon”
Zenbat denborako lana da portada bat egitea?
Gutxi gorabehera, 10-15 eguneko tartea behar izaten da dena burutzeko.
Azala da irakurle askoren amua. Egindako lana bistakoa izaten da beti. Aitortza ere?
Argi dago gure lana ezkutuagoa dagoela, nahiz eta ageri-agerian egon. Hala ere, benetako aitortza idazleengandik jasotzen dugu, hau da, beraien lana azalean irudikatuta ikusten dutenean, eta guri horrela helarazten digutenean; hortxe jasotzen dugu guk gure benetako aitortza.
Zure arte proiektu propioak ere garatu izan dituzu: erakusketak, argazkiak, ilustrazioak...
Azkenaldi honetan ilustrazioa nahiko baztertuta izan dut, baina berriro eutsi diot gogotsu, eta, maiztasun gutxiagorekin egiten badut ere, gustoko dut noizean behin tartetxo bat ateratzea nire dibertimendurako. Halaber, argazkilaritza ere lantzen dut, bidaiatzen dudanean gehienbat.
Gazte diseinatzaileek kreatibitatea ogibide izateko aukerak ugariak ala murritzak dira?
Aukera dago, diseinuaren esparruan bide asko baitaude, baina egia da gehiengo zabalenak freelance moduan bukatzen duela. Horrek abantailak eta desabantailak ditu, argi dago, eta hasiera gogorra izan daiteke bezero zerrenda bat sortu arte. Baina lehenengo amildegi hori zeharkatu ostean, lana aberasgarria izan daiteke. Hori bai, beti berritzera behartzen zaituen lanbidea da, baina gazteek ez dute arazo hori izango.
Etorkizunari begira, zeintzuk dira zure hurrengo proiektuak?
Azken burutapenen artean, erretratu errealista bat ilustratzea okurritu zait. Naturako hainbat elementu ere ilustratzeko asmoa daukat, kolorean eta txuri beltzean, xehetasun fin-finekin. Eta, nola ez, diseinuaren arloan luzaroan jarraitzea espero dut.