Publizitateak espazio publikoan duen presentzia jorratu duzu erakusketan. Zer dela eta?
Artista moduan aurretik ere lanak egin ditut gai honen inguruan. Publizitate-espazioak jendearentzat bereganatzearen beharra jarri dut mahai gainean, esku pribatuen edota merkatuaren esku geratu ez daitezen. Gai honi buruz hainbat artistek azken urteetan egin dituzten lanak ikusi ditut, eta horien bilduma bat da erakusketa. Horrez gain, nik munduan hiru hiriburu ezagutzen ditut zeintzuetan publizitatea espazio publikotik erabat edo asko murriztu duten. Uste dut eredu interesgarriak direla hirietako espazio publikoa kudeatzeko.
Gaiari buruzko hausnarketa sustatzea da erakusketaren helburua?
Helburua sugestioa da, azken finean. Erakusketan dauden artisten lanek gaiaz pentsatzeko balio dute, eta hirietako ereduak ere interesgarriak dira. Ez dira oso ezagunak, baina niretzat oso interesgarriak dira.
Erakusketak badu beste zati bat, jendearen iritziak jaso eta partekatzeko.
Erakusketa interaktiboa da, beraz.
Bai, hainbat bide daude erakusketan sartzeko, ez da bide lineala. Eduki eta bide ezberdinak daude. Publizitatearen estrategiak erabiliz publizitatea bera kolokan jartzean datza erakusketa.
“Espazio publikoa guztiona bada guztiok izan beharko genuke zer esan”
Bideoak eta argazkiak baliatu dituzu erakusketan gehienbat.
Erakusketa espazio publikoan egin nahi nuen. Ez nuen espresuki datorren publikorik nahi. Edozein herritarri arreta deitu ahal izatea nahi nuen. Horregatik kokatu dut zentroko atarian, jende guztia pasatzen delako hemendik. Niretzat interesgarriagoa da jende horren arreta berenganatzea. Gai honen inguruan interesa dutenak espresuki etorriko dira eta euren hausnarketak jada eginak izango dituzte seguru asko, baina jende gehienari ez dio kaleko publizitateak arduratzen, asko dagoela ikusi arte behintzat.
Erakusketa ez da espazio bakarrera mugatzen. Alondegiko pantaila gehienetan ere jartzen dituzte nire edukiak. Ekintza bat ere egin genuen, erakusketan agertzen den artistetako baten bidea jarraituz: Publizitaterik gabeko eguna. Eraikineko eta Bilboko pantaila batzuk zuriz jarri genituen minutu batzuetan, Black Friday egunean, inolako edukirik gabe. Espazio publikoa denona dela deritzot, eta guztion artean erabaki beharko genuke nola erabili.
Aurretik egin dituzun beste erakusketetan ere pisu handia du diskurtsoak, ezta?
Bai. Niretzat artea beti izan da pentsatzeko tresna indartsu bat, nire burua zein mundua ezagutzeko. Nik artea aitzakia moduan erabiltzen dut errealitatea eta jendea ezagutzeko, gauza berriak ikasteko... Jakin-min handiko pertsona naiz eta horretan datza artearekin dudan harremana, ez karrera bat egitean.
Hainbat erakusketa egin dituzu nazioartean. Tokiaren arabera moldatu egiten da artearekiko dagoen pertzepzioa?
Ezberdina da, baina ez beste herrialde batzuetan bakarrik. Hemen ere, pertsona batetik bestera aldatzen da artearekiko pertzepzioa. Askotan kanpora zoazenean mikrokosmos batean sartzen zara, artearekin erlazionatutako pertsonez inguraturik zaudelako gehienetan, eta ez dakizu hiri edo herrialde horretako ikuspuntua ezagutzen ari zaren edo ez. Baina toki guztietan daude kosmos txikiak, baita Bilbon ere. Alemanian, adibidez, bi aldiz egon naiz erakusketak egiten, eta uste dut bertan artistak beste modu batean tratatzen direla; baita Frantzian edo Ingalaterran ere. Ikuspuntu ekonomikotik ogasunak beste modu batera tratatzen zaitu bertan, eta horrek zerbait esan nahi du.
COVID-19aren pandemiak eraginik izan ahal du zure sorkuntza prozesuan?
Bai, guztioi bezala. Niretzat ez dago ezberdintasun handirik bizitzaren eta artearen artean, biak elkarrekin doaz. Apirilean proiektu bat aurkeztu behar nuen, baina konfinamenduaren eraginez ekainera arte atzeratu zen. 'Noraezean' du izena eta Araban zehar kokatuta dago. Hainbat seinale jarri nituen mendietan, naturarekin zer nolako harremana dugun pentsarazteko. Pandemia baino lehen pentsatutako erakusketa izan zen, baina jende askok esan zidan oraingo egoerarekin bat egiten zuela.
Egia da pandemia latza izan dela, baina bat-batean dena gelditzeak beste perspektiba bat eman digu guztioi, une batzuetan bizitza jarri delako erdigunean. Ikusteke dago noiz arte iraungo duen perspektiba horrek.
“Niretzat artea beti izan da pentsatzeko tresna indartsu bat, nire burua zein mundua ezagutzeko”
Baduzu proiektu berririk buruan?
Estudio bat atontzen nabil, baldintza hobeagotan lan egin ahal izateko, hori da lehentasuna orain niretzat. Baditut ideia eta proiektu ugari, baina eperik ez. Gustatzen zait gauzak oso pentsatuta egitea. Kultura eta artearen munduan askotan badirudi produktuak egiten gaudela, eta hori ez dut batere gogoko. Niretzat zentzua duen zerbait egitea gustatzen zait, ez egite hutsagatik egitea.
Proiektu pertsonalak enkarguzkoen gainetik jartzen dituzu, beraz?
Enkarguak jasotzea zaila da. Etengabeko lehian egon behar duzu beste artistekin, bekak lortzeko. Ez zait sistema hori batere gustatzen, artisten artean lehia sustatzen duelako. Artisten elkarte bat sortzen ari gara une honetan. Ea horrela artearen mundua kudeatzeko beste modu bat asmatzen duzun. Elkarlana sustatu behar da lehiakortasunaren gainetik.
Bukatzeko, pertsona orori luzatu nahiko nioke erakusketara gerturatzeko eta iritzia plazaratzeko gonbita. Espazio publikoa guztiona baldin bada, guztiok izan beharko genuke zer esan, errespetuz eta gainontzekoen iritziak kontuan izanda betiere.