Abenduaren 27an bete zituen Luis Vil sortzaile amurriorrak 50 urte, eta egun bera erabili zuen Gorobeleko balada bideoklipa aurkezteko. Artistaren esanetan, 2020. urteak "mito apokaliptikoen alineazio ugari" izan ditu, pandemiak munduaren ordena aldatu duelakoan.
"Pertsonalki, zerbikaletako minak izan ditut besoko lesio baten ondorioz, eta horrek nire konfinamendua erabatekoa izatea ekarri du", aitortu du sare sozialetan. Horregatik oparitu dio bere buruari Gorobeleko balada kantua: "mende erdiko nire urtegunari egiten diodan oparia da".
Abesti berezia
"Urte txar honetan gertatu diren kontuetatik ihes egiten lagundu didan begirada bakarra da balada, nire leihoaren bidez". Eguzkiaren ibilbidea hartu du ardatz, "indigenen kontzientzia moduan". Bideoklipeko irudiek ere hori islatzen dute.
Ruben Ladron de Gebara kolaboratzailearen laguntza izan du ikus-entzunezkoan, aireko irudiekin hornitu baitute lana: "hiru iluntze grabatu ditugu".
Ibilbide luze eta oparoa egin du Vilek nola ikus-entzunezkoetan hala musikagintzan. Horren adierazle da Brigada Politico-Social proiektua, besteak beste.