Urtarrilak 6 arte iraun du Amurrioko Oinkariak taldearen atletismo erronkak. Refor industriagunean egokitu zuten zirkuitua, eta track bidez zabaldu. Hala, partaideek euren denbora markak bidali dituzte taldera, eta modu horretan osatu dute sailkapena.
Podiumak
Emakumeen artean Laura Hidalgok, Irati Luzuriagak eta Txari Baladok lortu dituzte denborarik onenak. Gizonezkoen kategorian, berriz, Pablo Mas, Jon Durana eta Jagoba Robles gailendu dira. Pablo Masek lortu du markarik lasterrena, 33:34 minuturekin. Hemen ikusi daiteke sailkapen osoa.
Oinkariak taldekoek eurekin harremanetan jartzeko eskatu dute, "klubeko kideren batekin zuzenean edo posta elektroniko honen bidez: atletismo.oinkariak@gmail.com, Zerbait daukagu zuentzat!".
Ekimenaren balorazio positiboa
Ildo beretik, eskerrak eman dizkiete partaide guztiei. "Eskerrik asko erronka honetan parte hartu duzuen guztioi. Ez gara hemen geldituko eta horrelako ekintza gehiago antolatuko ditugu maite dugun kirol honetaz gozatzeko". Zentzu horretan, Atletismo Oinkariak taldearen sare sozialetan plazaratuko dituzte berriak, erantsi dutenez.