ARGAZKI KRONIKA

Izaroren Amurrioko kontzertua: larunbata zukutu eta gozatzeko limoia

Izar Mendiguren Cosgaya 2021ko urt. 17a, 20:32

Amurrio Antzokian kontzertua eskaini zuten atzo Izarok eta bere bandak. Aretoa jende bete, musikarekin hustu zuten barrena bertaratutakoek.

19:00etan izan zen Amurrio Antzokian Izaro Andres musikari ezagunaren kontzertua. Ordu eta erdi inguru iraun zuen emanaldiak. Hasieratik giro beroa eta abesteko gogoa antzematen zen eserlekuetan, egun bakarrean agortu baitziren sarrera guztiak, bazkideen lehentasuna medio (sarreren salmenta publikoki hasi baino egun bat lehenago dute euren txartela lortzeko aukera eta). 

"Maskarillak dira abeslari lotsatien paradisua, baina fuerte abestu beharko duzue" esanez abiatu zuen kontzertua. Eta hala izan zen. Une askotan egon ziren entzuleak Izarorekin kantuan. 

Limones en invierno diskoa aurkeztu zuen mallabiarrak, uzta gorabeheratsua izan arren: "Urtebete da diska atera zela. Martxoan diskoa jaio eta segidan hilko zela uste genuen; bira guztia erori da". Urrian heldu zioten berriz emanaldi sortari, "eta katastrofe guztitik salbatu ditugu limoiak". Hala, udarako prestatutako emanaldi akustikoaren piezak ere oholtzaratu zituen Izarok, Iker Laurobarekin jotako Escala de grises kantua kasu. 

Izaro, oholtzan "libre"

Libre abestiaren istorioa ere atera zuen argitara: "Kotxeko bidaia batean sortu nuen abestia. Askotan bidaltzen dizkidate bideoak umeek kantatzen, baina egun pena gehiago ematen dit poza baino. Oso garrantzitsua da espazio publiko eta pribatuak erabiltzea gogoratzeko eta azpimarratzeko feminismoa berdintasuna dela, eta konturatzeko bakoitzak zer egiten duen alde eta zer kontra. Egunero egin behar da lan feminista edo antiarrazista izatea lortzeko. Ez dugu lortuko mundu guztiarentzat, genero binomioan sartzen ez direnentzat, mundu ona, baina hobea bai. Gora borroka feminista!".

"Lotsarik gabe kitarra trakets jotzen zegoen neska horri asko eskertzen diot. Pertsona askori esker nago hemen, bandakoak horietako asko"

Artistaren bilakaera ere izan zuen hizpide, "lotsarik gabe kitarra trakets jotzen zegoen neska horri asko eskertzen diot", aitortu zuen, "pertsona askori esker nago hemen, bandakoak horietako asko. Bakarrik ezingo litzateke hau egin".

Umoretsu joan zen saioa, hala ere. Horren adibide da eszenatokian elkarri zirikatzen Iker Lauroba flexioak egiten jarri izana. Breakdance saiakera bat edo beste ere egon zen, bandako kideen artean gainera. Ondoren, Iker Laurobak bere diskoko Udaberria kantua eskaini zien antzokira hurbildutakoei. 

Abesti berri bat

Gauza berriekin lanean dabiltza, Izaro Andresen hitztean. Ventanas cerradas kantu berria da horren adierazle, eta primizian entzuteko aukera izan zen atzo Aiaraldean. 

Argi, kokapen zein jantzi aldetik ikuskizun "bizia" izan zen. Garazi Esnaola Balerdik piano zein zenbait perkusio soinuekin lagundu zuen Izaro, Julen Barandiaran Blancok baxuarekin, David Gorospe Paredesek bateriarekin, eta Iker Lauroba Alonsok kitarrarekin. Alabaina, lantalde zabalagoa izan zuten atzean, argi zein soinu teknikariak, oholtzako laguntzaileak....

Edozelan ere, bandakoen hitzetan, oso polita izan zen Antzokian burbuilak sortzea, "ea aretoak berri betetzerik ditugun". Zentzu  horretan, mezu baikorra luzatu zuen Izarok agurtu aurretik: "Egunen batean berriz egongo gara elkarrekin dantzan, estadioak betetzen! Pandemiak eragin potoloa du osasunean eta egoera emozionalean, zaindu pila eta berriz elkartuko gara! Bitartean, bizi ahalik eta ondoen, eta gora bizitza!".

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide