GALDER BARBADO BONILLA

"Elkartasuna eta gure arteko babesa dira ditugun arma bakarrak”

Txabi Alvarado Bañares 2021ko urt. 18a, 07:00

Auzitegi Nazionalean epaituko dute Galder Barbado Bonilla gazte amurrioarra. / Aiaraldea.eus

GALDER BARBADO BONILLA (Amurrio, 1992) Aitor Zelaia gasteiztarrarekin batera epaituko dute Auzitegi Nazionalean datorren urtarrilaren 21 eta 22an. 8 urteko kartzela zigorra eskatzen diete bidoi batean material lehergarria gordetzea egotzita.

Urtarrilaren 20an Auzitegi Nazionalean epaituko zaituztete  zu eta Aitor Zelaia gasteiztarra. Zer da zehazki leporatzen dizuetena? 

Guri leporatzen digute arma eta lehergailuen gordailua izatea. Zulo bat topatu zuten 2018. urtearen amaieran eta horren harira leporatzen digute delitua. Hori dela eta izango dugu epaiketa Auzitegi Nazionalean urtarrilaren 21 eta 22an. 

Akusazio horren aurrean, zein da zuen balorazioa? Eta zer da aldarrikatzen duzuena? 

Ertzaintzak eta EAJk gure kasuan izan duten paper protagonista nabarmendu nahiko genuke. Gure aurkako operazioa hauteskunde batzuen atarian kokatzen da. Hor ikusi genuen zer egiteko prest dagoen EAJ eskumako boto zikin batzuen truke.

Gure sentsazioa atxiloketan eta Auzitegi Nazionalean entregatu gintuztenean izan zen bi euskal militante euren herritik indarrez ateratzen ari zirela, gerra-tribunal bati entregatzeko, garaikur gisa. Hori izan zen sentitu genuena. Ertzaintzaren auto batzuetan heldu ginen, eta polizia nazionalari “bi euskal gazte entregatzea” pelikuletakoa zirudien pasartea izan zen.

Gure kasuan oso argigarria da Ertzaintzaren txostena. Ez dute topatutako zulo horretan sakontzen. Gure militantzia politikoa da orrialde luze, oso luzeetan, agertzen dena. Urteetan izan dugun militantzia politikoa, Ezker Abertzalean izan dugun funtzioa... Hori da txostenak zehazten duena, hori da epaitzen dutena. 

Oso argi daukagu: hau ez da delitu zehatz batengatik eginiko operazioa, militantzia politikoaren aurkakoa baizik, beste operazio bat gehiago.

Ez dugu ulertzen nola 2021. urtean EAJk tematuta jarraitzen duen herri honen sufrimenduan sakontzen. Herri honek beste norabide bat hartu zuen duela 11 urte jada, eta oraindik ere aliantza dago EAJ, Ertzaintza eta Auzitegi Nazionalaren artean. Oso larria iruditzen zaigu. 

Gure ustez, beldurgarria da EAJ euskal gatazkarekiko hartzen ari den jarrera, badakigulako kolaborazio horrek herri honetan zenbat sufrimendu eragin duen eta zer nolako oztopoa dakarren bakea eta askatasuna eraikitzeko bidean. Ez dut uste EAJren oinarri zabal bat oso ados egon daitekeenik estrategia honekin. 

"Oso argi daukagu: hau ez da delitu zehatz batengatik eginiko operazioa, militantzia politikoaren aurkakoa baizik, beste operazio bat gehiago"

Duela ia bi urte atxilotu zintuzteten. Nola oroitzen duzu une hura?

Oso bortitza izan zela oroitzen dut. Uste dugu beste modu batera egin zezaketela, baina nahiago izan zuten “Espainia” markadun estiloa jarraitzea: ordu txikietan atea botatzea, berroziak (Ertzaintzaren eliteko unitateko kideak) sartzea, laser erakusleak, oihuak...

Urte luzeetan Euskal Herriaren aurka erabili duten estiloa, barruan beldurra eragiteko eta bizitza osorako markatuta uzteko nortzuk diren beraiek eta nor zaren zu. Modu horretan, zure militantzia beldur eta biolentzia horretara lotzen saiatzen dira. 

Gogoratzen dut etxera sartu ziren unea. Pisukidearen oihuekin esnatu nintzen. Oso lokartuta nengoen. Begiak ireki eta argi urdinak ikusi nituen etxe osoan barrena, tinbrea, oihuak...

Pelikuletako irudia izan zen, “pelikulero” hutsak dira. Lurrera bota gintuzten eta ordu erdiz egon nintzen bertan biluzik. Sekulako hotza egiten zuela gogoratzen dut, otsaila zen. 

Ez nuen uste ertzainak zirenik. Laser erakusleekin eta balen aurkako ezkutu batekin sartu ziren. “Ertzaintza” hitza irakurri nuen, baina etxe guztia txikitzen zeuden, eta janzkeragatik eta jarrerengatik une batean zalantza izan nuen ea ertzainak ziren edo ez. Ez nuen ikusita berrozien horrelako operaziorik. 

Lakuako komisaldegira (Gasteiz) eraman gintuzten eta bertan igaro genuen gaua, euren estilora: ez ziguten lo egiten utzi. Goizean Madrilera eraman gintuzten. Oso luze egin zitzaigun Entzutegi Nazionaleko itxaronaldia, deklaratu ostekoa.

Gauean esan zigun abokatuak espetxera gindoazela, Soto del Realera. Guardia Zibilaren furgoneta batean sartu eta espetxera eraman gintuzten.

Lehen gaua elkarrekin egin genuen, eta hurrengo egunean isolamendura bidali gintuzten, bakoitza bere ziegara. Hilabete egon ginen baldintza horretan: 21 ordu ziega barruan eta 2-3 orduz patioan, bakarrik beti. Patioa Amurrioko plazako karparen tamainakoa zen, gutxi gora behera, 10x20 metrokoa, zikina eta goitik estalia. 

"Gogoratzen dut etxera sartu ziren unea. Pisukidearen oihuekin esnatu nintzen. Oso lokartuta nengoen. Begiak ireki eta argi urdinak ikusi nituen etxe osoan barrena, tinbrea, oihuak... Pelikuletako irudia izan zen, 'pelikulero' hutsak dira"
Oroitzapen arraroa da. Etxetik Soto del Realeko isolamendu ziegara egin genuen salto, bat-batean. Lehen egunak ere arraroak izan ziren. Ez genuen arroparik, zauden moduan sartzen zara, eta eurek ez dizute laguntzen.
 
Handik hilabetera esan ziguten isolamendua kendu eta beste kartzela batera bidaliko gintuztela. Valdemoroko espetxean igaro genuen astebete, eta Darocara eraman gintuzten jarraian. Bertako giroa oso ezberdina zen: kartzela izaten jarraitzen zuen, baina txikiagoa zen eta Aitorrekin egon nintzen modulu berean, eta Gasteizko beste preso bat etorri zen gero.

Hor igaro genituen hurrengo hilabeteak. Ez genekien zenbat denbora egongo ginen, askatuko gintuzten edo ez... errealitate berri horretara moldatzen saiatu ginen, epe luzera begirako planak eginaz. Errutinak markatu genituen: kirol apur bat egin, patioan xakean aritu... egunerokotasun bat sortu genuen, burua ordenatuta eta lasai mantentzeko.

Jasotako elkartasun eta babes guztia ere nabarmendu nahiko nuke. Horregatik izango ez balitz ez ginateke irribarre batekin egongo. Soto del Realen isolamenduan nengoela psikologora eraman ninduten. Ez nintzen inoiz psikologo batean egon, eta barregura sartu zitzaidan. Zergatik barre egiten nuen galdetu zidan. “Zergatik ez? Ni oso lasai nago”, erantzun nion. Ez zuen ulertzen nola egin zezakeen barre bere etxetik atera, terrorismoaz akusatu eta isolamendura eraman zuten pertsona batek.
 
Guk oso argi daukagu ez garela terrorista ezta gaizkileak. Guk herri honen alde lan egin dugu, eta lan egiten jarraituko dugu, eta badakigu gure atzean herri bat dugula, eta herri horren parte garela. Badakigu bahitu politikoak garela, Madrilen entregatzen gaituzte gerra batean presoak entregatzen diren modu berean, garaikur bezala.
 
Oso ezberdinak dira eurek kartzelan egunerokoan bizi duten errealitatea eta guk bizi duguna: gu lasai gaude, barrezka, gure errutinak ditugu, ikasten dugu, irakurtzen dugu, idazten dugu, egunero gutunak jasotzen ditugu eta astebururo ditugu bisitak. Ez dute ulertzen eta ez dute inoiz ulertuko. Ez dute herri honen gatazka ulertzen. 
 

Urte erdiren bueltan askatu zintuzteten. Espero zenuten?

Ez, ezusteko handia izan zen. Nik ikasketak hasteko asmoa nuen irailean. Bi egun igaro ziren esan zigutenetik aske utzi gintuzten arte, baina oso luzeak egin zitzaizkigun. Bazkalostean izan zen.

Aitorrek atea jo zuen eta segurtasunekoekin bildu behar zela esan zidan. Handik ordu erdira berriz jo zidan atea. Zer gertatzen zen galdetu nion eta askatuko gintuztela esan zidan. Hasieran ez nuen sinistu, baina aurpegia ikusi nion eta azkenean sinetsi egin nuen. 

Niri egun bat beranduago jakinarazi zidaten. Sekulako buelta eman zidan buruak: kartzelan epe luzerako planak egitetik kalera, bat-batean. Kalea zapaldu arte ez duzu sinesten askatuko zaituztela.

Poz handia izan zen guretzako, baina gurekin zegoen presoarekiko sentsazioak ez ziren horren gozoak izan. Hiru kide geunden kartzelan: Ni, Aitor eta Dimitri, gasteizko beste kide bat. Oso gogorra izan zen bera hor bakarrik uztea, kartzelan jada 17 urte igaro baititu eta oraindik beste 7-8 geratzen zaizkiolako. 

Sekulako iskanbila izan genuen ni atera nintzenean. Kartzelazainekin adostu genuen elkar agurtzeko tarte bat emango zigutela. Nik berarekin bazkaldu nahi nuen egun horretan, eta arratsaldean atera. Baina bazkaltzera gindoazenean funtzionario pila sartu eta nire ziegara eraman ninduten.

Ez ziguten elkar agurtzen utzi, eta kartzelatik oso haserre atera nintzen. Kanpoan zain nituen lagun eta senideek zer gertatzen zitzaidan galdetu zidaten. Oso amorratuta nengoen. 

Ez dut hitzik herrian jasotako harrera deskribatzeko. Ez dakit zelan eskertu horrenbeste jende nire zain egon izana. Ez dut egun hori ondo gogoratzen, egun horietan oso gutxi egin nuelako lo. Baina sekulako babes, maitasun eta indarra jaso nituen. 

"Ertzaintzak eta EAJk gure kasuan izan duten paper protagonista nabarmendu nahiko genuke. Gure aurkako operazioa hauteskunde batzuen atarian kokatzen dugu"

2018koa ez zen izan pairatu duzun lehen atxiloketa, ezta Auzitegi Nazionaletik igarotzen zaren lehen aldia ere. 

Ez, ez da lehen kasua izan. Hasieran esan dut hau ez dela delitu zehatz baten aurkako operazioa. Hau estrategia oso zehatz baten beste kate-begi bat baino ez da. Aitor ere urte luzez jazarria izan da.

Nire kasuan, jazarpen eta eraispen estrategia da baliatu dutena. Gazte-gaztetatik bizi izan dut kolore guztietako polizien jazarpena, militantzia politikoagatik. Mota guztietako epaitegietatik pasa naiz. Auzitegi Nazionalean hiru aldiz egon naiz jada. 

15 urte nituela Guardia Zibilaren kontrol batean gelditu gintuzten bost pertsona. Boleto batzuen harira bi ordu luzez bahitu egin ninduten, mendian, gauez. Sekulako kolpeak, mehatxuak, pistola ateratzera iritsi ziren... hori dena 15 urterekin. Zer esan? Ez naiz bakarra izan, eta ez naiz azkena izango.

Badakigu herri honen askatasunaren alde lan egiteak prezio oso altu bat dakarrela; beste kasu batzuk beldurgarriagoak dira. 

Guk oso argi izan dugu beti. Badakigu gure historian zer gertatu den, eta horren gainetik herri honen askatasun nahia gailenduko dela beti. Sufriarazi digute eta horretan jarraituko dute, baina hau ez da inoiz geldituko. Eurek ere argi dute hori, horregatik jarraitzen dute kolpatzen. 

Kasu honi dagokionez, oso garrantzitsua da EAJk eta Ertzaintzak jokatu duten papera. Euskal gazteen aurka eginiko operazioetan Ertzaintza beti egon da erdigunean, informazio lanak egiten.

Azken finean, zure bizilagunak dira, badakite nondik ibiltzen zaren, gaztetxetik mugitzen zarela, ikastetxean zaudela... hori niretzat oso larria da.

Guardia Zibila beste garai batzuetako jarrerekin etortzea “ulergarria” da, zentzu batean. Etsai oso zuzenak dira eta gure proiektuek elkarren artean talka egiten dute. Baina hemen, etxean, horrelako ankerkeriarekin jolasteak urte luzeetan zehar ekarri duena eusten du: espetxealdiak, torturak, atxiloketak, jazarpenak, mehatxuak... estrategia horren parte izatea dakar.

"Nire kasuan, jazarpen eta eraispen estrategia da baliatu dutena. Gazte-gaztetatik bizi izan dut kolore guztietako polizien jazarpena, militantzia politikoagatik"

Euren estrategia hori dela dirudi: euskal militantziarekin amaitzea, hemendik. Askotan eskatzen digute autokritika, lurzoru etikoaren eta elkarbizitzaren inguruan hitz egiten digute... baina gogoak ditugu behingoz eurek guzti honetan zer funtzio izan duten entzuteko: entzuteko hemen torturatu egin dela, gazteak jazarri direla independentistak izateagatik eta sekulako sarraskiak egin direla estrategia komun baten barruan. EAJk ez du oraindik autokritika hori egin.

Alfredo Remirezen kasua, Julen Ibarrolarena, Lezamako baserri baten aurka polizia nazional batek eginiko tiroketa... azken urteetan Amurrio jo-puntuan egon dela dirudi. Hala iruditzen zaizu zuri?

Amurrion urte hauek oso gogorrak izan dira. Denetarik gertatu da: Julenen eta Alfredoren espetxeratzeak, polizia nazional ohi batek gure herriko familia baten etxe bat tirokatu izana...

Amurriok azken urteetan oso bilakaera positiboa izan du. Oso herri aktiboa da gaur egun, gazte eta herri mugimendu sendoa dago eta ezker independentismoak geroz eta indar handiagoa du. Pauso batzuk ematen ari dira, atzera bueltarik ez dutenak. 

Nik ez dut inoiz sinistu kasualitateetan. Herri aktibo bat dagoenean kolpatu egiten dute. Hori horrela izan da eta horrela izango da. 

Barbado, Amurriori buruz: "Nik ez dut inoiz sinistu kasualitateetan. Herri aktibo bat dagoenean kolpatu egiten dute"

8 urteko kartzela zigorra eta 7 urteko baldintzapeko askatasuna eskatzen dizuete. Zer espero duzue epaiketatik?

Guk badakigu nora goazen. Atzerriko gerra tribunal batera goaz eta gure militantzia politikoagatik epaituko gaituzte. Denok dakigu Auzitegi Nazionalak zer nolako ibilbidea duen.

Bada ordua honekin amaitzeko. Alde bateko armak isildu egin ziren, baina beste aldekoek zaunka egiten jarraitzen dute. Euskal Herrian hautu bat egin dugu: bakean eta askatasunean bizitzekoa.
 
Horretan jarraituko dugu. Argi dugu ez dela bakerik egongo frantziar eta espainiar kartzelak euskal militantez beteta jarraitzen duten bitartean. Argi dugu ez dela bakerik egongo Entzutegi Nazionala existitzen jarraitzen duen bitartean. Argi dugu ez dela bakerik egongo gure errepideetan Guardia Zibila bere armekin ibiltzen den bitartean. Horrek ez du esan nahi guk gure bidea egiten jarraitu behar ez dugunik, baina hemen ez dago bakerik. Gure herrira bakea etorriko da Entzutegi Nazionala disolbatzen denean. Gure herrira bakea etorriko da espainiar eta frantziar kartzelan husten direnean, indar armatuek hemendik alde egiten dutenean eta gure herriaren etorkizunaren gainean erabaki ahal dugunean. Orduan etorriko da bakea. Gu ez gara bidetik aterako, askotan atera nahiko gaituzten arren. 

Keinu bat egin nahiko nioke baita berriki espainiaratu duten Alaitz Aramendiri. Musu eta besarkada bat bidali nahiko nioke berari, eta bere senideei. 13 urte eman ditu Frantzian preso, eta 40 urteko espetxe zigorra betetzeko mugitu dute Espainiara, praktikan heriotz-zigorra dena.

Gu oso lasai goaz epaiketara. Izan ditudan beste auzi batzuetara ere oso lasai joan naiz, badakigulako nor garen, non gauden eta nora goazen. Urduri ere bagoaz. Zigor eskaera oso handia da, eta fiskala Altsasuko gazteek izan zuten berdina da. Beti zirkua espero dugu.
 
 
Zer nolako babesa jasotzen ari zarete herritarren partetik?
 
ANkerkeriari stop! plataforma sortu dute Gasteiz eta Amurrioko zenbait pertsonen artean. Uste dugu beharrezkoa dela horrelako kasuak salatzea. Honekin amaitu beharra dago, ez soilik gure auziarekin. Gurea bezalako beste hainbat kasu daude, eta horien guztien aurrean ditugun arma bakarrak elkartasuna eta gure arteko babesa dira.

Egun oso arraroak dira hauek. Jendea dator gaiaz galdezka, eta babesa ematera, baita espero ez duzun jende asko ere. Hemendik eskerrak eman nahiko genizkieke pertsona horiei guztiei, plataforman orduak eta orduak lanean ari direnei, eta gure alboan daudenei.

Gure partetik, mezua argia da: antolatzen eta borrokatzen jarraituko dugu, Ertzaintzaren, Entzutegi Nazionalaren eta jazarpen ororen gainetik. Ez gaituzue geldituko.
 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide