"Uhandre Amurrioko Baso Biziak" plataforma sortu dute, eukaliptoaren ingurumen kalteak bistaratzeko

Izar Mendiguren Cosgaya 2021ko urt. 21a, 08:30

Eukalipto zuhaitzaren irudi bat. / Ikasbil

Uhandre Amurrioko Baso Biziak ekimenak eukaliptoaren hedapenak eragindako ingurumen kalteak jorratzea izango du helburu.

Aste honetan zabaldu dute Uhandre Amurrioko Baso Biziak plataformaren berri sareetan. Facebook taldea eratu dute, eta bertan azaldu dituzte ekimenaren helburuak: "Uhandre Amurrioko basoak bizirik plataforma eukaliptoaren kontrolik gabeko hedapenak lurraldean sortzen dituen ingurumen arazoei buruz hausnartu eta jardun nahi duen herritarren ekimena da".

Mapa bidez adierazi dute eukaliptoaren azken urteetako gorakada. Gorriz markatuta daude zuhaitz mota horren ustiapen eremuak:

Argazkiaren deskripzioa ez dago eskuragarri.

Amurrioko Udalari eskaera

Ildo beretik, manifestua plazaratu dute "mendi anitzen" alde. Amurrioko Udalari, berriz, ondorengo eskaera egin dio plataforma sortu berriak, "eukalipto-landaketen ingurumen kaltearen ebidentzia zientifikoan oinarrituta":

  • Eukaliptoaren erabilera baztertzea udalerrian, eta hala jasotzea Amurrioko mendi publikoen antolamendu-planean.
  • Kontzejuen jabetzako mendietako landaketetan espezie hori ez erabiltzeko gomendioa egitea, udalerri mailan erabilera debekatzeko araudia garatzen ez den bitartean.
  • Udal lizentzia ukatzea landaketak baimentzeko aginduzko hirigintza-baimenetan (Lurzoruari buruzko Legearen 207.1.w. artikulua).
  • Amurrioko udalerriko HAPO berrian, eukaliptoak jartzea debekatzea udalerri osoan. Eukaliptoak landatzeko udal-debekua ez da mendien arloko legediaren aurkakoa, Arabako Foru Aldundiko Nekazaritza Zuzendaritzak agiri publikoetan adierazi duen bezala (Aramaioko HAPO). Beraz, ezin da argudiatu debeku hori zehazteko udal-eskumenik ez dagoenik.
  • Udalerrian eukaliptoaren erabilera arautzeko Amurrion indarrean dagoen hirigintza-plangintzaren aldaketak izapidetzea.
  • Arabako Foru Aldundiari, baso-administrazio eskuduna den aldetik, Arabako Lurralde Historikoaren eskalako baso-landaketetan eukaliptoa erabiltzeko luzamendua deklaratzeko eskatzea.
  • Arabako Foru Aldundiari, luzapen-akordio hori EAEko beste bi foru-basoko administrazioei proposa diezaiela, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundiari, baita Eusko Jaurlaritzari ere. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide