ARGAZKI ERREPORTAJEA

Nerbioiko jaiotza eta Arrastaria, hegaztien bilgune

Izar Mendiguren Cosgaya 2021ko urt. 30a, 15:00

Gustavo Abascalek Arrastariako txangoetan ikusitako animalien kronika plazaratu du Naturayala blogean. Nerbioiko ur jaiotzaren inguruetan bildutako hegaztietako batzuk jaso ditu argazkitan.

Elur egunetan Nerbioiko jaiotzara joatea bururatu zitzaion Gustavo Abascali, Bagate gaina zeharkatuta (721 metro). Urduñako Barrerilla portua igota, Untzara heldu baino lehen hartzen da ibilbidea. 

Arrastaria, hegaztien harrobi

Partzelen arteko ibilbide asko ditu Arrastariak. Horien adibide dira Artomañana edo Delika lotzen dituzten bideak. Bertako zelaietan abere, hegazti eta intsektu ugari topa daitezke, mahasti eta arto zelaiz inguratuta. "Paisaia landa eremuko nukleo txikiek borobiltzen dute, Delika edo Aloria herriek, ete Nerbioi ibaiak haran osoa zeharkatzen du". 

Pasaien mosaiko anitzak "biodibertsitate aberatsa" aitortzen dio lurrari zenbait urtarotan, Naturayalakoen esanetan. Neguan, adibidez, zelai horietan hartzen dute babes hegazti migratzaile ugarik. Zerrendaren lagin bat plazaratu dute Naturayala blogean: arabazozo pikarta, zuhandor beltzak, kardantxiloak, etxe-txolarreak... "Hala ere, bestelako hegazti batzuk ere presente daude, kopuru txikiagoan bada ere: txepetxak, txantxangorriak, zozoak, buztangorri ilunak, lapur-txoriak, birigarro arruntak edota hesi burdantzak", zehaztu du Abascalek. Horietako batzuk jaso ditu iruditan webgunean erakusgai jartzeko.

Naturayalako kidearen esanetan, harrapakariek oso ondo ezagutzen dituzte hegaztien babesguneak, eta ehizan dabiltza beti. Izan ere, eskura dituzte gabiraiak, belatzak eta abar. Lehen eskutik konprobatua du Abascalek hori: "Nerbioi ibaiaren jaiotzatik gertu, makal batean fijatu nintzen, eta 20 bat mirugorri ikusi nituen adarretan atseden hartzen. Batzuk hegan egitera zihoazen beste batzuk posteetan atseden hartzen zuten bitartean", kontatu du. Urduñako Santa Klara konbentuan edota Foru plazan ere ohikoa da zikoinak ikustea. 

Turismoa, mehatxu

Elur paisaiarekin osatu zuen txangoa Gustavo Abascalek, "Nerbioiko jaiotzaren ingurua Gorobelgo Hegaztien Babesgune Berezia da, Natura Sarea 2000 egitasmoak hala aitortzen baitu bere zenbait gune interes ornitologikodunak direlako". Sai arreak esaterako, askotan begista daitezke hegaka. 

Turismoaren gorakada dela eta, ingurumenarekiko kezka agertu du blogeko idazleak: "Horrenbeste jende gerturatzeak babestu beharreko espezieak kaltetzen ditu". Santiago menditik Nerbioiko jaiotzara gerturatzeko ibilbidea oso errotua dago, baina Untzagatik seinaleztatu duten ibilbidea ere gero eta ospe gehiago ari da hartzen, "elur egunetan ere harritzekoa da zenbat jenderekin egin dezakezun topo". 

Hori dela eta, babes edo zaintza eremuak mugatzearen garrantzia azpimarratu du Abascalek, "turismoa eta zaintzea uztartzeko, Cies uharteetan bezala".

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide