Eusko Jaurlaritzaren neurrien zain daude Amurrioko Kintoak, aurten kantuan atera ahal izateko. Udalak, segurtasun-sailarekin harremanetan jarri ostean, baimena eman die, beti ere indarrean dauden neurriak betetzen diren bitartean. Gauzak horrela, lau laguneko taldetan, distantziak mantenduta eta maskara erabilita aterako dira kintoak.
Egoera aldakorra dela jakitun, azken unera arte zain egongo direla adierazi dute aurten 18 urte beteko dituzten amurrioarrek: "Otsaila hasieran indarrean egongo diren neurrien arabera baloratuko dugu kantuan aterako garen edo ez". Udaletik jakinarazi dute erabakia kintoen esku dagoela.
2021eko kintoak
Guztira 75 dira aurten 18 urte betetzen dituzten Amurrioko gazteak, eta ohikoa den bezala, Agate Deunaren bezperan -otsailaren 4an- Amurrioko herri desberdinak kantuan eta eskean zeharkatzeko entseguak burutu dituzte azken asteetan.
Otsailaren 4aren ondorengo ostiralean ospatzen den erromeria bertan behera geratu da, hala ere. Egoera sanitarioak hobera jotzen duenean espero dute berrartzea, Aiaraldea Komunikabideari aipatu diotenez.