Udalak Gizarte Zerbitzuak kudeatzea eskatu du Orain Amurriok

Aimar Gutierrez Bidarte 2021ko urt. 29a, 09:03
Kepa Gonzalez, Orain Amurrio udal taldeko bozeramailea. / K.G

Gizarte Zerbitzuen eskumenak lortzea 2021eko abendura arte atzeratu izana kritikatu du opozisioko taldeak.

Atzo -urtarrilak 29- egin zuten urteko lehenengo Udal Osoko Bilkura Amurrioko Udaletxean. Orain Amurrio udal taldeak oharra plazaratu du Gizarte Zerbitzuen alorrean hartutako zenbait erabakien gainean duen iritzia azaltzeko.

Opozisioko taldeak azaldu duenez, 2016ko abenduan berrikusi eta onartutako Gizarte Zerbitzuei buruzko 12/2008 legean Gizarte Zerbitzuen gaineko zenbait eskumen aitortzen zitzaizkien udalei. Lege honen onarpenaren ostean, Arabako Foru Aldundiak 24 hilabetez alorra kudeatuko zuen, zerbitzuak nola finantzatu aztertu bitartean. Urtez urte, ordea, luzatu egin da epe hori eta horrela egin zen ere atzo egindako osoko bilkuran; eskumenen lortzea 2021eko abendura arte atzeratuz.

"Horrek guztiak EAJ/PNV-k eta PSOE/PSE-k gobernatzen duten Arabako Foru Aldundiaren aurreikuspen zein aurrekontu-finantzaketa falta azaltzen du", salatu du Kepa Gonzalez Orain Amurrioko zinegotziak. "Halaber, Foru Aldundiak udal-eremu diren baliabide eta eskumen horiek zuzentzen jarraitu nahi izateak, batetik, udalen ahalduntzea zein gaitasunak ukatzen ditu eta, bestetik, neurri handi batean, eredu zentralizatu eta pribatizatua ezkutatzen du".

Herritarrenganako arreta hurbila hobetuko luketen Gizarte Zerbitzu publikoak kudeatzeko beharrezko giza baliabideak eta baliabide ekonomikoak ezartzea eskatu zuen Orain Amurriok udalbatzan.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide