Atera berri da Galder Barbado eta Aitor Zelaiaren aurkako epaiketaren sententzia. Espainiako Auzitegi Nazionalak 4 urteko espetxe zigorra eta 10 urteko inhabilitazioa ezarri die Amurrio eta Gasteizko gazteei, "lehergarriak egiteko elementuak gordetzea" egotzita, Dura herrian topatutako bidoia dela eta.
Ertzaintzaren atestatuak Kutxabanken aurkako hainbat sabotajerekin lotu zituen bertan topatutako materialak. 2014an egin ziren ekintza horiek, Abetxukon, Agurainen eta Igorren. Hala ere, epaiketan poliziak aitortu zuen ez zuela bidoiko materiala gertakari horiekin lotzen zuen inolako probarik. Era berean, ezin izan zuten ezta bidoi hori ETArekin lotu.
Duela hamar egun izan zen epaiketa Madrilen. Jose Perals fiskalak -Altsasuko gazteen kasuko berdinak- 8 urteko espetxe zigorra eta 7 urteko baldintzapeko askatasuna eskatu zuen bi gazteentzat. Angela Murillo izan zen epailea, Bateragune auzia zuzendu zuena. Abokatuek, baina, aukera izango dute epaiari helegitea aurkezteko.
“Kale borroka motxila”
Zenbait hedabidek zabaldu dutenez, epaiak erreferentzia zuzena egiten dio Zelaiaren etxean topatutako motxila bati. Epaiketan deklaratu zuen ertzain batek “kale borrokarako motxila” moduan definitu zuen zorroa. Ondorengo materialak zeuden bertan, besteak beste: hesiak lotzeko bridak, eskularruak, walkiak edota zinta amerikarra.
Epaileak ontzat eman du proba hori, Zelaiak motxila horretako materiala 2018ko Hatortxu Rock jaialdirako zela azaldu zuen arren.
Era berean, sententzian bi gazteak Ezker Abertzalearekiko atxikimendua erakutsi zutela jasotzen da epaian, bide baketsuen aldeko hautuan berretsiz. Hala ere, epailearen iritziz, bidoian topatutako materialak ez dio horri erantzuten, "kaleko bortizkerian erabili ohi izan diren lehergaiak egiteko elementuak" zeudelako gordeta.
Erreakzioak
Aiaraldeko Ernai izan da epaiaren aurkako adierazpenak egin dituen lehen eragilea. Gazte antolakundeko kideek nabarmendu dute ez dutela absoluzioa ez den beste epairik onartuko, eta mobilizazioei adi egoteko deia luzatu dute.
Antolakuntzaz eta borrokaz egingo diogu aurre ankerkeria honi!
— Ernai Aiaraldea (@ErnaiAiaraldea) February 2, 2021
EUSKAL GAZTERIA KALERA! ✊
Eutsi gazteak zuekin gaude! Maite zaituztegu!#EzDuguOnartzen pic.twitter.com/O5BZTTypRh
Azken asteetan ekimen jendetsu andana egin dira Aiaraldean, Gasteizen eta Euskal Herriko beste hainbat txokotan, bi gazteei elkartasuna adierazi eta epaiketa salatzeko:
EH Bilduk ere salatu du sententzia, Ertzaintzaren "parte hartze zuzenarekin" eginiko "muntai poliziala" dela argudiatuta. Koalizio independentistaren aburuz, sententziak ez du euskal gizarteak nahi duen "bakean eta bizikidetzan" aurrera egiten laguntzen.
Bi urteko prozesua
Aste honetan beteko dira bi urte Ertzaintzak Galder Barbado eta Aitor Zelaia atxilotu zituenetik. Auzitegi Nazionalera eraman zituzten, eta 6 hilabete eman zituzten preso. Baldintzapean aske geratu ziren gero, 6.000 euroko fiantza ordainduta, eta horrela egon dira ordutik hona, epaiketaren zain: