Udalaren funtzionamendua arautu eta herritarren parte hartzea bermatzeko araudi zirriborroa aurkeztu du EH Bilduk

Aimar Gutierrez Bidarte 2021ko ots. 4a, 15:45

Iñaki Ibarluzea, Amurrioko EH Bilduko bozeramailea / Aiaraldea.eus

Amurrioko herritarren parte-hartzea eta udalaren funtzionamendu "bidegabea" saihestea du helburu proposamenak. Sei hilabeteko epean, Udal Osoko Bilkuran zirriborroa eztabaidatu eta adosteko asmoa azaldu du EH Bilduk.

Udal Araudi bat egiteko zirriborroa aurkeztu du Amurrioko EH Bilduk. Amurrioko Udalaren eta bere organoen funtzionamendua arautzea da helburua. Izan ere, talde politikoaren iritziz, Amurriok ez du udalaren antolaketa, funtzionamendua eta gobernantza arautzeko araudi argirik, eta hori da tokiko erakundearen "gabezia handienetako" bat, EH Bilduren hitzetan.

Araudi falta horrek eguneroko funtzionamenduan bidegabekeriak sortzen dituela azaldu dute. Zirriborroa osatzeko euskal araudia hartu du EH Bilduk erreferentziatzat.

Udal funtzionamenduaren araudi falta hori Amurrioko Udalaren "gabezia handienetako bat" dela uste du EH Bilduk

"Araudi argia eta zehatza izan nahi dugu, informazioa eskuratzeko modua arautzeko, eztabaidak eta ekimenen tramitazioa arintzeko, udal eztabaidak antolatzeko orduan arbitrariotasuna saihesteko eta herri ekimenak izapidetzeko bideak ezartzeko", azaldu du Iñaki Ibarluzea  bozeramaileak. Koalizio abertzaleak sei hilabeteko epea  proposatu du araudi berri hori Udal Osoko Bilkuran eztabaidatua, adostua eta idatzia izan dadin.

Zirriborroa mahai gainean

EH Bilduk aurkeztutako zirriborroak, besteak beste, zinegotziek euren jarduera garatu ahal izateko beharrezkoa duten informazioa eskuratzeko eskubidea izatea proposatzen du. Dokumentuak  zinegotziek egoki ikusten dituzten ekimenak aurkeztu, izapidetu eta eztabaidatzeko duten eskubidea ere azpimarratu du, arreta berezia jarriz informaziorako eskubidean eta udal-espedienteetarako sarbidearen bermatzean.

Udal-organoen eraketa eta funtzionamenduaren gaineko proposamenak ere biltzen ditu zirriborroak. Euskararen erabilera, aurrez aurre eta urrutitik saioak egiteko aukera edota bilkuretako gai zerrenda arautzea dira, besteak beste, proposamenaren helburuak.

Herritarren parte-hartzea

Administrazioarekiko harreman elektronikoa bermatu ahal izateko araudia ere ezartzen du proposamenak, baita herritarren eta udalaren arteko harremanen kasuan ere. Udalerrian erroldatutako pertsona guztiek, erregistratutako entitate, elkarte eta erakundeek, elkarteek, elkargo profesionalek, sindikatuek, enpresaburuen elkarteek eta zuzenbide publikoko korporazioek zein herritarren plataforma, foro edo sareek udal-jardueran parte hartu ahal izatea bermatu nahi du EH Bilduk aurkeztutako araudi zirriborroak.

"Horrela, mozioak, eskaerak eta galderak aurkeztu ditzakete, osoko bilkurara joan, batzordean entzunak izan, eskaerak egin edo herri-ekimenak aurkeztu. EH Bilduk herritarrek mozioak aurkeztearen alde egin du. Bozeramaileen Batzordeak erabakiko du eztabaida, gutxienez erroldaren % 10ek bermatzen duenean izan ezik. Kasu horretan, hurrengo osoko bilkurako gai-zerrendan sartuko da, eztabaidatu dadin", argitu du oposizioko udal taldeak.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide