Enplegua Erregulatzeko Iraungitze Espedientea ezarriko diete Valvospain Industrial enpresako langile guztiei. “Guztira, 79 behargin kaleratuko gaituzte, iazko martxotik Aldi Baterako Enplegu Erregulazioko Espedientean egon ostean”, jakinarazi du Enpresa Batzordeak.
Langileek ordezkariek azaldu dute enpresa 2019ko ekainetik dagoela hartzekodunen lehiaketan, langileak soldatarik gabe hiru hilabetez egon ostean. Urte horretako maiatzean greba mugagabea egin zuten beharginek, hilabete bat iraun zuena.
Hiru interesdunek erakutsi zuten enpresa erosteko asmoa, baina urtarrilaren 29an amaitu zen seinale gisa jarri beharreko diru-kopurua emateko epea, eta interesdunetako bat bera ere ez du dirua jarri. “Gauzak hala, 79 familiei eragingo digu Enplegua Erregulatzeko Iraungitze Espedienteak, egoera gure interesen alde aldatzeko inolako itxaropenik gabe”.
Ia 100 urteko ibilbidea
Modu horretan amaituko da Amurrioko Valvospain Industrial enpresaren ibilbidea. Lantegia 1928. urtean sortu zen Lazaro Ituarte izenarekin. 2006. urtean aldatu zen izena, enpresa Fluval eta MTSekin batu zenean. Balbula industrialak ekoizten zituen fabrikak.