Mobilizazioak antolatu dituzte Euskal Herrian, "ANkerkeriari Stop! Aitor eta Galder aske!" lemapean

Izar Mendiguren Cosgaya 2021ko ots. 6a, 22:08

ANkerkeriari Stop! Aitor eta Galder aske" lemapean, mobilizazioak egin dituzte gaur Euskal Herri osoan. Amurrion, 350 lagun baino gehiago elkartu dira manifestazioan. Laudion, Urduñan eta Orozkon, aldiz, elkarretaratzeak egin dira eguerdian. 

ANkerkeriari Stop plataformak deituta, Euskal Herriko zenbait herritan elkarretaratzeak egin dituzte gaur 12:00etan, Galder Barbado amurrioarrari eta Aitor Zelaia gasteiztarrari elkartasuna adierazteko. Biak ala biak Madrilgo Auzitegi Nazionalean epaitu zituzten, eta epaileak launa urteko espetxe zigorra ezarri zien bi gazteei. Euskal Herri mailako erantzuna eman diote gaur sententziari, ANkerkeriari Stop plataformako deialdiari jarraiki. Hala, eguerdian Urduñan, Orozkon eta Laudion egin dituzte elkarretaratzeak eskualdeari dagokionez. Arratsaldean, berriz, Amurrion eta Gasteizen burutu dituzte manifestazioak, 18:00etan.

Amurrioko manifestazioa

Amurrion, 350 lagun baino gehiago atera dira kalera Galder Barbadori eta Aitor Zelaiari babesa ematera. Juan Urrutia plazatik abiatu da mobilizazioa, eta San Anton plazan bukatu da. "Gasteizko eta Amurrioko kaleetan batu gara beste behin ere, ankerkeriari aurre egiteko. Gaurkoan sustraiak frankismorik ilunenean oinarrituta dituen Auzitegi Nazionalak Galder eta Aitorren kontra ezarritako sententzia salatu nahi dugu", adierazi dute bozeramaileek.

Errepresioaren bidez "herri hau isiltzeko" nahia kritikatu dute, eta epaiketa "fartsa" izan dela azpimarratu dute. ANkerkeriari Stop plataformako kideen ustetan, konpromiso eta jardun politikoa da epaitu dutena. Aipatu dutenez, helegitea jarriko dute Entzutegi Nazionalean, "sententzia honekin ezer da ezer amaitzen". 

Aurrera begira, "bide berriak" irekiko dituzte hainbat sektoretan, "herri hau zigortzeari uzteko, eta ANkerkeriarekin amaitzeko". Azpimarratu dutenez, "antolakuntza, elkartasuna eta maitasuna izan dira herri honek hamarkadetan zehar erakutsitako baliorik handienak". 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide