Kutxazain bat jarriko du udalak Herritarren Arretarako Zerbitzuan, ordainketak eta zenbait tramite egiteko

Txabi Alvarado Bañares 2021ko ots. 8a, 08:00

Herritarren Arretarako Zerbitzuaren sarreran jarriko dute kutxazaina. / Amurrioko Udala

Kutxazaina arratsaldez ere erabili ahalko da. Etorkizunean azpiegitura horren bidez tramite gehiago egin ahalko dira, modulu gehiago gehituta, alkateak nabarmendu duenez. 

Kutxazain bat jarriko du Amurrioko Udalak Herritarren Arretarako Zerbitzuaren (HAZ) sarreran. Urtarrileko Udal Osoko Bilkuran onartu zuten proiektua finantzatzeko kreditu-transferentzia, aho batez. “Duela hiru urte, HAZ berria diseinatu genuenean, toki bat erreserbatu genuen etorkizunean kutxazaina jartzeko”, gogorarazi zuen Txerra Molinuevok udalbatzan.

Alkateak azaldu duenez, orain arte banku baten bidez egiten zituzten zergen eta antzeko tramiteen ordainketak, “baina akordio hori  amaitu egin da”. 

Kutxazainak bi gauza egiteko aukera emango ditu: ordainketak eta errolda-paperak. Azpiegitura arratsaldez ere erabili ahalko da, baina ordutegi baten barruan, “gauez itxi egin beharko delako”.  Gainera, kutxazain sistema horrek baditu beste modulu batzuk, beste tramite batzuk egiteko balio dutenak, eta etorkizunean gehitu ahalko liratekeenak, Molinuevok zehaztu duenez. “Udaleko sail bakoitzak dituen beharrak zehaztu beharko ditu, zein berrikuntza gehitu erabakitzeko”. 

Kritikak

Udalbatzan dauden talde politiko guztiek bozkatu zuten erabakiaren alde, baina bankuei zuzendutako kritikak ez ziren falta izan. “Izugarriak dira finantza entitateak herritarren arretari begira egiten ari diren murrizketak. Bulegoak ixten eta ordutegiak murrizten ari dira eta orain uko egin diote administrazioei zerbitzua eskaintzeari eta hauek dira dirua jarri behar izan dutenak”, salatu zuen Orain Amurrio taldeko Kepa Gonzalezek. 

EH Bilduk ere antzeko hausnarketa plazaratu zuen. “Ados gaude erabakiarekin, baina ez dugu ahazten zeren ondorioa den”, nabarmendu zuen Iñaki Ibarluzea zinegotziak, “hau ez da udalak besterik gabe hartu duen erabakia, halabeharrez hartu behar izan du, bankuek uko egin diotelako zerbitzua emateari”.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide