Internet bidez egingo du Amurrioko Xake Taldeak aurtengo Udaberriko Torneoa. Gaur -otsailak 9- amaituko da norgehiagokan izena emateko epea. Horretarako nahikoa izango da xake.amurrio@gmail.com helbide elektronikora mezua bidaltzearekin, ez da ezer ordaindu beharko. Partidak Lichess.org plataformaren bidez egingo dira. Gauzak hala, jokalari bakoitzak kontu bat sortu beharko du aurretik atari horretan.
Bi torneo egongo dira: eskola-adinean dauden gazteena eta helduena. Inskripzioa egiterakoan jokalariek euren izen abizenak, adina eta maila zehaztu beharko dituzte, talde homogeneoak osatu ahal izateko. Horrez gain, plataforman duten erabiltzaile izena ere aipatu beharko dute, antolatzaileek identifikatu ahal izateko.
Xake taldeko kideek bost laguneko taldeak osatuko dituzte eta multzo horien esku geratuko da partidak noiz jokatu erabakitzea. Hala ere, astean norgehiagoka bat burutu beharko dute gutxienez. Xake taulak emango dira sari moduan.