Arratoiak Amurrioko eraikin judizialean zehar ibiltzen direla salatu du ELAk. Sindikatuak azaldu duenaren arabera, denbora daramate bertako langileek arazoa pairatzen, eta Eusko Jaurlaritzako Justizia Sailak irtenbiderik eman gabe jarraitzen du.
Urtarrilaren 25ean ELAk formalki aurkeztu zion Justizia Sailari eraikin judizialetan dauden arratoiak hiltzeko eskaera, eta oraindik ere egoerak bere horretan jarraitzen duela azaldu dute sindikatuko kideek. Amurrioko Udalari ere luzatu zioten errekerimendua, epaitegien eraikinaren ondoan dagoen etxebizitza abandonatuan esku-hartu zezan, arratoien iturburua izan daitekeelakoan.
Arratoiak epaitegiko bulegoetan
Otsailaren 9an epaitegiko funtzionario batek arratoi bat hil egin behar izan zuen. "Arratoiak eraikin judizialean zehar ibiltzeak arriskua sortzen du, bai langile guztientzat, bai zerbitzu publiko horretara egunero joaten diren herritar eta profesionalentzat", azaldu du ELA sindikatuak.
