Nondik datorkizu mozorroekiko afizio hau?
Betidanik maite izan dut mozorrotzea, oso saltsera naiz eta sormena oso gogoko dut. Nire herrian, Cripanen, trapu zaharrez mozorrotu izan gara beti, etxean aurkitzen genuen edozein materialekin. Azalorez egindako soinekoak ere jantzi ditut inoiz! Seme alabei ere betidanik egin izan dizkiet mozorroak ikastolara joateko.
Gainera, nik beti esaten dut, mozorrotzeak bizitzako momentu askotan animoa altxatzen lagundu egin didala ere. Mozorro handi eta landu hauen afizioa, ordea, 1997an hasi zen. Alfredo semeari plastikozko edalontziz egindako mozorro bat prestatu nion eskolara eraman zezan. Oso polita zen, ni oso harro nengoen egindako lanaz, semeari uste dut ez zitzaiola hainbeste gustatu. Hain nengoen pozik egindako mozorroarekin niretzako beste bat egitea erabaki nuela, berdina baina handiagoa. Desfilatzera atera nintzen eta lehenengo saria lortzeko “zorte txarra” izan nuen, bizitza izorratu zidaten (barreak). Geroztik urtero egin dut horrelako mozorro puzka bat, edo gehiago!
Material berrerabilgarriekin egiten dituzu zure mozorroak.
Bai, hori da jantzien oinarria. Mozorroen sinadura da. Urte guzti hauetan zehar mota guztietako materialak erabili izan ditut. Plastikozko botilak, zaku zaharrak, eskopetetako perdigoiak... Duela urte batzuk maskarak erabili nituen, senide batek osasun arloan egiten baitu lan eta pila bat ekarri zizkidan. Aurtengo inauterietarako ez litzateke mozorro eskasa!
Zenbat denbora behar duzu mozorro bat egiteko?
Auskalo! Ez dut kalkulatzen, baina ni ez nau inoiz zezenak harrapatzen. Denboraz hasten naiz jantziak prestatzen, beti izaten dut ideia bat edo beste buruan, eta inauteriak pasa orduko hasten naiz hurrengo urtekoetan pentsatzen.
Nolakoa da prozesua?
Ditudan materialetan pentsatzen hasten dut prozesua, hori da lehenengo urratsa. Etxean edalontzi asko ditudala? Bada aurtengo mozorroa edalontziekin! Tapoiak ditudala? Tapoiekin orduan.
Behin materiala aukeratuta, mozorroaren hezurdura egiten dut, hori ere birziklatutako materialekin. Normalean plastiko berezi bat erabiltzen dut; fabrikan lan egiten nuenean zakarrera bota behar zituzten bobina pilo bat berreskuratu nituen. Oso material moldagarria da.
Bukatzeko, apaingarriekin betetzen dut jantzia. Soinekoaz aparte, kapela bat eta poltsa bat egiten ditut ere.
Hilabete falta denean, hankaz gora jartzen da etxea, birziklatutako materialak nonahi. Horregatik ez dut alfonbrarik etxean, etxe bat baino gehiago tailer bat dirudielako. Eskerrak familiak nire afizioa ondo ulertzen duen!
Josteko abilezia ezinbestekoa izango da, ezta?
Ni oso pertsona kreatiboa naiz, eta asko gustatzen zait jostea. Ez naiz jostun profesionala baina baditut nire ezagutzak. Urte asko eman ditu josteko akademia batean, fabrikatik bueltan joaten nintzen klaseak jasotzera, etxe ondoan baitzegoen.
Mozorrogintzari eskaini diodan denbora guztiarekin lau unibertsitate karrera egin nitzakeen.
“73 urterekin, baina inauterien saltsan kaletik ibiltzeak sekulako bizipoza ematen dit!”
Mozorro lehiaketetan ere arrakasta handia izan dute zure mozorroek.
Zer egingo diot nik, nire mozorroak oso gustuko ditu jendeak (barreak)! Amurrion askotan irabazi izan dut lehenengo saria, eta Gasteizen ere arrakasta handia lortu nuen.
Gasteizen bost urtez jarraian irabazi nuen sari nagusia. Familia gaixoa, sekulako eguraldi kaskarrarekin igoarazten nituen, niri konpainia egiteko. Foru Plazan desfilatzen genuen, eta egundoko hotza egiten zuen normalean. Aurrekoan, Galder eta Aitorren aurkako epaia publiko egin zenean, Ankerkeriari STOP plataformak agerraldia egin zuen Gasteizko Foru Plazan, nola aldatzen diren gauzak. Gasteizen, ordea, lehiaketaren oinarriak aldatu zituzten. Konpartsaka ateratzen dira kalejiran eta kendu egin zuten sariketa indibiduala. Gasteizko inauterietara joateari utzi nion, Bilbora joaten hasi nintzen, eta bertan ere irabazi!
Aurtengo inauteriak nola bizi dituzu?
Aurtengoak? Oso triste, ez direlako ospatuko. Desfilean atera behar nuen jantzia etxeko sotoan daukat, amaitu gabe oraindik. Egiteari utzi nion inauteriak egingo ez zirela jakin nuenean. Plastikozko botilekin egindako loreekin apaindu nahi nuen. 32 urte eman ditut mozorrotzen, eta aurtengo honetan, birus madarikatu honen erruz etxean geratu beharko naiz.
Lagunek esaten didate animatzeko eta mozorrotzeko. Anaiaren mozorro bat dut erdi prest kalera ateratzeko, baina umorea izan behar da mozorrotzeko, saltsan ibiltzeko, kaletik jira eta bira ibiltzeko. Nik bihurrikeria hori dut gogokoen. Orain arratsaldeko 20:00etan etxean egon behar bagara, ba ez du merezi!
Datorren urteetarako, ordea, jantzi berrien ideiak pilatzen ari naiz; ea desfilatzeko aukerarik dugun, eta sotoan dudan jantzi hori kalera atera dezakedan, oso gutxi falta baitzaio. 73 urterekin, baina inauterien saltsan kaletik ibiltzeak sekulako bizipoza ematen dit!
Aldarrikapena uztartu duzu askotan mozorroekin.
Bai, zalantzarik gabe! 1999an, Espainiako Estatuak EGIN egunkaria bahitu zuenean, egunkariko zatiekin egindako mozorroa jantzi nuen desfilatzeko, “EGIN kalean” deitu nuen mozorroa. 2018ko inauterietan ere Alfredo semearen eta Julen Amurrioko gaztearen espetxeratzea salatzeko mozorroarekin atera nintzen kalera. Animoz baxu nenbilen orduan, ez nuen desfilatzeko inolako asmorik, baina semeak esan zidan bai ala bai atera behar nintzela kalejirara. Azken unean prestatu nuen jantzia baina oso itxuroso geratu zen.
Beste askotan ere, mozorroekin batera, emakumeon aldarrikapenak atera izan ditut kalera. Martxoaren 8tik oso gertu egon ohi dira inauteriak, ez dut borroka feminista goraipatzeko aukera bat galduko! Bat baino gehiago haserretu egin izan da mozorroetan aldarrikapenak sartzeagatik. Ni ez naiz isilduko, eta kexatu diren askori kargu hartu diet, izorratu daitezela!