15,4 milioi euro aurrekontu proposamena plazaratu du Amurrioko Udal Gobernuak, iazkoa baino %15 txikiagoa

Txabi Alvarado Bañares 2021ko ots. 15a, 18:29

Reforren padel eta tenis pista estaliak eraikitzea aurreikusi du udal gobernuak, besteak beste. / Ruben Ladron Diaz de Gebara

PSE-EErekin batera aurkeztu dute aurrekontu planteamendua. Beraz, proposamena onartzeko gehiengoa du gobernuak. Skate park bat eraikitzea edota Etxegoien bidean aparkaleku bat atontzea dira egingo diren inbertsioetako bi. 

Iaz baino 2,7 milioi euro gutxiago izango dute Amurrioko udal aurrekontuek aurten. 15,4 milioi euroko plangintza ekonomikoa adostu du EAJren udal gobernuak PSE-EErekin. “Erantzukizunagatik, aurrekontu errealistak aurkeztu ditugu, egungo egoerara egokituak”, adierazi dute Txerra Molinuevo alkateak eta David Romero zinegotzi sozialistak, “COVID-19ren pandemiak asko baldintzatu du aurrekontua, Arabako Foru Aldundiaren diru-bilketaren jaitsierarengatik”. 

Helburu nagusi bat izango du plangintza ekonomikoak, Molinuevok nabarmendu duenez: “pertsonak udal politikaren erdigunean jartzea eta zerbitzu publikoak hobetzea”. Modu horretan, COVID-19ak gehien kaltetu dituen “pertsona eta sektore ekonomikoak” babestea izango da udalaren lehentasuna. 

2,4 milioi euro inbertsioetan

Aurrekontuen %16,15a (2.487.700 €) bideratuko da inbertsioetara, udal gobernuak aurreratu duenez. 

Hauek dira egingo diren inbertsio nagusiak:

Etxegoien bidean aparkaleku bat eraikitzea eta zonaldeko argiteria berriztatzea, energia-eraginkortasun irizpideak jarraituta.

  • Larrabeko zabortegia behin betiko zigilatzea.
  • Udalerriko saneamendu-sareak berritzeko lanei jarraipena ematea.
  • Skate park bat eraikitzea.
  • Ludoteka egokitzea.
  • Padel eta tenis pista estaliak eraikitzea Reforren.
  • Berdintasun Sailak emakumearen etxearen inguruko diagnostikoa lantzea eta Amurrioko V. Berdintasun Plana eratzen hastea.

Gizarte zerbitzuetako partida gora

Gizarte zerbitzuetara bideratutako diru-partida handitzea aurreikusi du udal gobernu taldeak, eta diru gehiago emango diote Apymca elkarteari  merkataritzarako bonu-kanpainak abiatzeko. 
Enpleguari bideratutako partida bere horretan mantendu dute, 408.569 euro bideratuta. “Gainera, 167.000 euro bideratuko dira udalerriko Administrazio Batzarretan egin beharreko jardueretara, eta 100.000 euro auzoetako batzarretatik sortutakoetara”.

Kulturari dagokionez, iaz abiatutako ildoa jorratzen jarraitzeko asmoa du udal gobernuak, kalean kultur ekitaldiak antolatuta. Horrez gain, 771.705   euro bideratuko dira guztira udalerriko elkarteak laguntzera, aurrekontuaren %5. 

Adostasun “ahalik eta handienaren” bila

EAJk eta PSEk gehiengo absolutua dute udalbatzan. Gauzak hala, ez dute nahitaez oposizioko beste taldeen -EH Bildu eta Orain Amurrio- oniritzia behar aurrekontuak onartzeko. Hala ere, David Romerok aurreratu du “ahalik eta adostasun handiena” erdiesten ahaleginduko direla. “Indarrak batzeko eta gobernu taldearekin elkarlanean aritzeko unea da. Amurriok erantzukizun hori merezi du, herritarrek egungo egoera konplexuan ditugun ezberdintasunak alde batera uzteko eskatzen digute”. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide