0-3 urte arteko hezkuntza zerbitzua doakoa izatea eta Hezkuntza Sailean integratzea eskatu du Haurreskolen Patzuergoak

Izar Mendiguren Cosgaya 2021ko ots. 25a, 08:33

Amurrioko plazan egin zuten asteartean elkarretaratzea. / Aiaraldea.eus

Elkarretaratzea egin zuten asteartean Amurrioko Juan Urrutia plazan zerbitzu publikoaren garapena aldarrikatzeko. Hezkuntza Sailak Haurreskolen Patzuergoari ez erantzun izana salatu dute LAB, STEILAS eta ELA sindikatuek. 

Abenduaren 10ean eta 16an, zein urtarrilaren 25ean eta 27an greba egunak antolatu zituzten STEILAS, ELA eta LAB sindikatuek Euskal Herrian. Aiaraldea ere ez zen salbuespena izan. Dinamikak otsailean ere izan du segida, Amurrion burututako elkarretaratzea da horren lekuko. "Lotsagarria eta erantzukizun politiko eskasa izatea iruditzen zaigu EAEko Hezkuntza Saileko arduradunen negoziatzeko borondate eza eta langileon aldarrikapenei horrela muzin egitea", adierazi dute.

"Haurreskolak Patzuergoaren etorkizuna hezkuntza zerbitzu honen doakotasunean eta Hezkuntza Sailean integratzearekin bermatuko dela uste dugu. Bada garaia 0-3 urteko lehen zikloari merezi duen aitortza emateko"

Hezkuntzako langileen hitzetan, birritan atzeratu diete bilera: "Jokin Bildarratz lehendakari duen Haurreskolak Patzuergoko Zuzendaritza batzordea ez da bildu. Batzordera eraman nahi zituzten akordioak ez dituzte eraman, beraz, ematen du alde bakarrez momentuz ez dituztela berrikusi".

Amurrioko partaideek negoziazio kolektiboaren kontrako eraso zuzentzat hartu dute isiltasuna, "alde sozialaren lana oztopatzeko eta ikusezin bihurtzeko ahalegina dela salatu nahi dugu". Zentzu horretan, hezkuntza kalitatearen eta hobekuntzen defentsan jarraitzeko asmoa berretsi dute: "Haurreskolak Patzuergoaren etorkizuna hezkuntza zerbitzu honen doakotasunean eta Hezkuntza Sailean integratzearekin bermatuko dela uste dugu. Bada garaia 0-3 urteko lehen zikloari merezi duen aitortza emateko". Horrez gain, sektore horretako lanpostuetan behin-behinekotasun handia dago, azaleratu dutenez. 

Eskaera zehatzak

Ondorengoak dira mobilizazio bidez aldarrikatu dituzten eskaerak:

  • Haurreskolak Patzuergoaren doakotasuna eta integrazioa Hezkuntza Sailean.
  • Akordioak errespetatu eta betetzea.
  • Lan hitzarmen berria negoziatzea.
  • Langileen behin-behinekotasun tasarekin bukatzea eta lanpostuak egonkortzea.
  • Irakaskuntza publikoan Osakidetzaren Norbera Babesteko Ekipamenduen horniketan Haurreskolak Patzuergoa gehitzea.
  • Aurrekontua handitzea.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide