Mugendo E-Games txapelketa antolatu du Amurrioko Mugendo Eskolak, Bizkaiko eta Arabako beste hainbat zentrorekin batera. Larunbatean egin zuten ekimena. Eskola guztietako irakasleak bildu ziren ikasleek bidalitako bideoak ebaluatu eta puntuatzeko. Eskoletako kideek euren buruak grabatu dituzte, bakoitzak bere etxean, klaseetan ikasitako teknikak egiten. Hemen goiko bideoan ikusi daitezke parte hartzaile guztien ekarpenak. Ikus entzunezkoan agertzen den ikasle bakoitzak urrezko domina bat jasoko du etxean, eta bere burua grabatuko du sari hori hartzen, eskoletara bidaltzeko.
Koronabirusaren aurkako segurtasun neurriek nabarmen baldintzatu dute Mugendo eskolen jarduna. Gauzak hala, “formatua berritu” dute, online bilakatuz.
Elkartasun ekimena izan da, lortutako dirua 7vidas animalien babeserako elkartera bideratuko baita. Kale katuekin lan egiten du elkarte horrek.
