Martxoaren 6an ikuskizuna taularatuko duzue Amurrio Antzokian. Estreinaldia izango da?
Ez. Duela urtebete estreinatu genuen Bilbon, Pabellon 6 aretoan. Laugarren saioa izango da Amurriokoa.
Emakumeek koponsatutako pieza klasikoak jotzen ditugu, baina ez da ohiko kontzertu bat. Ikuskizun bat da, pertsonaiak ere agertzen direlako. Ainhoa, biolin jolea izateaz gain, aktorea eta abeslaria ere bada. Gauzak hala, pertsonaiei buruzko gauzak kontatzen ditu piezen artean. Ez gara jotzera mugatzen.
Emanaldi didaktikoa da, baina ez nolanahikoa. Emakumeek eginiko konposizioak jotzen ditugu, baina gure instrumentuetara -pianoa eta biolina- moldatuta. Elkarrekin jotzen hasi ginen, eta orduan sortu zen horrelako proiektu bat egiteko ideia. Emakumeen obrak bilatzeari ekin genion eta horrela eman diogu forma egitasmoari.
Nolakoa izan da konposizioak aurkitu eta moldatzeko prozesua?
Piezak topatu behar izan genituen lehenbizi, moldaketak egin eta jo. Klasizismo garaitik gaur egunera arteko piezak bildu nahi genituen. Konpositoreei buruzko informazioa irakurtzen eta musika entzuten hasi ginen, gustuko kantuak hautatzeko. Artxiboetan ere aritu gara. Emiliana Zubeldiaren partiturak topatzeko, adibidez, Eresbil musika-artxibora jo behar izan genuen.
Nola erabaki zenuten zein pieza sartu eta zein ez?
Gure formatura (pianoa eta biolina edo pianoa eta ahotsa) moldatu zitezkeen piezak hautatu genituen, edo gustuko genituenak. Nannerlen (Mozarten arrebaren) pieza batzuk hartu ditugu, Clara Schumannenak (Robert Schumannen emaztea), Fanny Mendelssohnenak (Felix Mendelssohnen arreba)... Konpositore klasikoetatik romantizismo garaira egiten dugu salto, XX. mendean amaitzeko. Estatu Batuetan zer gertatu zen ere kontatzen dugu, eta Emiliana Zubeldiaren kantu bat jotzen dugu.
Ikuskizunaren bigarren zatian, aldiz, soinu bandak jorratzen ditugu, Chocolat filmarena, besteak beste.
“Emakumeek eginiko pieza klasikoak jotzen ditugu, baina ez da ohiko kontzertu bat. Ikuskizun bat da, pertsonaiak ere agertzen direlako. Emanaldi didaktikoa da”
Emanaldi didaktikoa dela aipatu duzu. Zer ikasiko du Amurrio Antzokira bertaratzen denak?
Hausnarketa bat egiteko balio du ikuskizunak. Musika arloan emakume asko egon ziren, oso onak, genio bat bezainbeste talenturekin. Baina beti egon dira bigarren planoan. Beste alor batzuetan ere gertatu da hori. Horren inguruan hausnartzeko balio du ikuskizunak.
Zer nolako harrera izan du ikuskizunak orain arte?
Egin genuen lehen emanaldia pandemia hasi baino lehen izan zen, martxoan. Bigarrena urrian egin genuen. Eserleku gutxiago zeuden baina jendea oso pozik atera zen emanalditik, harrituta, beste gauza bat espero zutelako. Harrera ona izan du proiektuak.
Baduzue emanaldi gehiago lotuta?
Oraindik ez, oraingo egoeran oso zaila da. Baina pozik gaude orain arte lau egin ahal izan ditugulako, antzoki batzuetan ez baitago apenas eskaintzarik.
Pozik, beraz?
Bai. Hau da egiten dudan mota honetako lehen proiektua. Egin ditut bestelako emanaldiak, baina abeslari edota abesbatzak laguntzen.
Zer esango zenieke amurrioarrei ikuskizuna ikustera gerturatu daitezen?
Plan onena herri batean horrelako plan bat izatea da. Gauza berezi bat ikusiko dute, musika entzungo dute eta zerbait gehiago ikasteko aukera izango dute.