BTT bidez Euskal Herrian egiteko ibilbideak jaso dituzu liburuan. Zenbat?
Guztira 30 bat zeharkaldi daude liburuan. Zazpi Arabakoak dira; sei Gipuzkoa, Nafarroa eta Bizkaikoak; eta bost Ipar Euskal Herrikoak. Bi urteetan zehar egindako ibilbideak dira. Argazki, testu eta zirkuituak nik osatu ditut. Liburuan, bestalde, mapak eta xehetasunak jaso ditut. Hasieran, adibidez, liburua nola erabili jakiteko azalpenak daude: fitxa teknikoak, IBP edo zailtasun taula ulertzeko gakoak... Izan ere, sasoiaren arabera, desberdina izan daiteke zailtasun maila. Atal bakoitzaren hasieran ibilbidearen aurkezpena dago, kilometroz kilometroko argibideak eta inguruneari buruzko datu edo proposamen interesgarriak.
Zer nolako iraupena dute txangoek?
Gehienbat 3-5 ordu bitartekoak dira. Ondo dabiltzanek 3.5 ordutan egin ditzakete, baina lasai joatekoa bazara 5 ordu beharko dituzu gehienetan. Zailtasun desberdinetako ibilbideak jaso ditut, hala ere. Batzuk, esaterako, 30 kilometro baino ez dituzte. Beste batzuk, berriz, luzeagoak dira, baina desnibel gutxi dute. Aniztasun handia dago ibilbideen artean.
Zein da argitalpenaren helburua?
Ni, berez, mendizalea naiz. Txirrindula ere gustatzen zait, ordea. Liburuan bizikletaz zeharkatzeko Euskal Herriko txoko interesgarrienak eta politenak jaso nahi izan ditut.
Hasiberrientzako lana da, ala adituentzakoa?
Gutxieneko prestakuntza beharrezkoa da: ez da hasiberrientzako liburua, baina ezta oso trebatuentzako ere. Erdi mailakoak dira ibilbideak: teknika beharrezkoa da, bide zidorrak daude, ez dira pista bideak. Esfortzu maila, baina, bakoitzaren sasoiaren araberakoa da. Lasai hartuz gero, ez dago arazorik.
“30 bat zeharkaldi bildu ditut liburuan”
Zergatik edo nolatan erabaki zenuen liburua sortzea?
Betidanik izan dut buruan liburu bat ateratzeko gogoa, zaletasunagatik. Sua argitaletxea askotan ibiltzen da liburuak idazteko jende bila. Batez ere, oinezko ibilbideak lantzen ditu Suak, eta horregatik, bizikletaz zeharkatzeko proiektua aurkeztu nien. Izan ere, Euskal Herri osoa hartzen duten bizikleta liburu oso gutxi daude.
Non eskura liteke zure alea?
Martxoaren 12an aurkeztuko dugu Amurrioko Katekesi aretoan, 19:00etan. Elkar eta Suaren webguneetan ere egongo da erosteko aukera, eta beste zenbait liburu-dendatan. Izenburua bilatuta topatuko duzue interneten informazioa. Internet bidez, Suaren kanalean ere aurkeztuko dugu.
Aiaraldeak ere badu bere tartea lanean, ezta?
Bai, bailarako jendeak asko maite dugu Gorobel. Amurriotik hasita Babio, Maroño, Kobata, Txarlazo eta Lendoñobeiti lotzeko ibilbidea dago, besteak beste.
Lehenbiziko liburua da. Azkena ere bai?
Oraingoz ez dut denbora askorik, baina aurrera begira besteren bat sortu nahiko nuke. Ez dut ideia zehatzik oraindik, baina Bizkaian umeekin egiteko irteerak egiteko proposatu didate. Alabaina, liburu bat egiteko astebururo egin behar dituzu txangoak, eta umeak nekatu egiten dira. Nik zaletasuna bultzatu nahi dut, ez nazkatzea. Une honetan atseden fasean nago, nahikoa dut Pirenaycan idaztearekin.
“Denbora gutxian kilometro asko egin ditzakezu BTTan. Aukera askoz gehiago zabaltzen dizkizu horrek”
Zeren arabera aukeratu dituzu ibilbideak?
Asko aurrez ezagutzen nituen. Beste pertsona batzuekin Euskal Herriko 2 zeharkaldi sortu nituen lehenago: Euskadi en BTT eta Trans Euskal Herria. Horregatik, leku asko ezagutzen nituen jada. Horrez gain, tokian toki, lagunen laguntza izan dut zeharkaldiak kontsultatu, ikasi eta ezagutzeko.
Zure marka handia du, beraz, liburuak?
Bai. 2-3 lagun etorri dira nirekin ibilaldietara, argazki guztiak ere nik eginak dira. Asko gustatzen zait menditik ibiltzea bizikletaz eta oinez. Bien artean ez nuke jakingo zein ekintza aukeratu. Bizikleta kirol moduan hartzen dut, sasoia mantendu eta nire buruari edo gorputzari gehiago exijitzeko. Oinez noanean, berriz, gauzak hobeto eta lasaiago ikustea eta ingurua estimatzea baloratzen dut gehien: animaliak, paisaiak...
BTT kirolak gorakada izan du azkenaldian, ezta?
Bai. Etxealdian edo konfinamenduan izugarrizko arrakasta izan du bizikletak.
Aiaraldean badira BTT taldeak ere.
Urduñan Gualdetxu, Amurrion Kuskumendi, Orozkobikers... Jende asko ibiltzen da taldean edo bakarka. Kirol indibiduala eta kolektiboa da, bietara praktika liteke. Lagunekin askoz lasaiago zoaz eta zerbait gertatuz gero laguntza gehiago duzu. Ahal dela, taldean joatea beti da hobea.
Eskualdeak aukera ugari eskaintzen ditu BTTa praktikatzeko. Zeintzuk dira zure kuttunenak?
Amurrion, Kuskumendi inguruan, 3 jaitsiera egin dituzte: Kuskumendi, Otaka eta Inordui. Asko gozatzen dut bertan, goian ikuspegi oso politak ditu, baina ibilbidea ez da horren berezia. Nire buelta gogokoenetako bat Askuren (San Pedro), Gujuli, Lamioxineko urmaela, Altubeko ur-jauziak, Garrastatxu eta Amurrio lotzen dituena da.
Zer du BTTak kirol gisa, jendea erakartzeko?
BTTan denbora gutxian kilometro asko egin ditzakezula. Oinez, 40 kilometro egiteko 7-8 ordu behar dituzu, eta bizikletan 3 ordu. Horrek aukera askoz gehiago zabaltzen dizkizu. Bestalde, jaitsieretako adrenalina ederra da, oso gozagarria. Gainera, orain GPS eta abarrekin askoz errazagoa da, oso eskura dago. Telefono mugikorrarekin aplikazio asko jaitsi daitezke, eta oso eguneratuta daude mapak.
“Egingo duzun ibilbidea beti planifikatu behar da ondo”
Zer behar da, edo zein ezaugarri behar dira, BTTa modu seguruan praktikatzeko?
Ura eta janaria eramatea, eta gurpila aldatzeko tresneria (kamara eta puzgarria). Horrez gain, eguraldia beti begiratu behar da ondo: hotza, lokatza... Egingo duzun ibilbidea beti planifikatu behar da ondo, ikasita eramatea komeni da. Nik, esaterako, beti prestatzen dut ondo txangoa; edozein gauza gertatuz gero, ibilbidea laburtzeko aukera ere izaten dut eskura. Bestalde, jaka edo arropa beti eraman behar da, jaitsieretarako. Txakalaldirako janaria ere izan behar da, bajoiak ez du abisatzen eta.
Bizikleta elektriko ugari ikusten dira azkenaldian...
Bai. Nik uste hemendik gutxira bizikleta merkatuaren erdia elektrikoa izango dela. Orain arte, jendea ez zen mendira bizikletaz joaten, gogorregia zitzaiolako, eta orain aukera suertatu zaie. Alde horretatik pozgarria da. Bestalde, xarma galtzen duela iruditzen zait, elektrizitate gehiago kontsumitzeak kutsadura ondorioak izango ditu epe luzera... Dena den, bizikleta elektrikoak geratzeko etorri dira.
Liburuaren egile gisa, zein mezu zabalduko zenieke hasiberriei?
Lasaitasunez hartzeko. Ez saiatu hasieratik ondo dabilen jendearen zirkuituak egiten. Momentu eta ibilbide desberdinak gozatu, eta pixkanaka gauza handiagoak egitea lortuko duzue!
Asko dabiltzanak, berriz, Euskal Herri osotik mugitzera animatuko nituzke, gure lurraldea ezagutzeko bizikletak eskaintzen duen aukera ikaragarria da eta!