Soledad Iparragirre epaituko dute bihar Estanislao Galindez amurrioarraren kontrako atentatuagatik

Aitor Aspuru Saez 2021ko mar. 8a, 17:00

Madrilgo Auzitegi Nazionala, artxibo irudi batean.

Soledad Iparragirre ETA erakundeko militantea izan zen, eta 99 urteko kartzela zigorra betetzeko eskaerari egingo dio aurre bihar. Bi hilketen ardura leporatzen diote, Estanislao Galindez amurrioarrarena da horietako bat.

Madrilgo Auzitegi Nazionalak Soledad Iparragirre epaituko du bihar. ETA Militar erakundeko buruzagia izandako emakumeak bi akusazio izango ditu bere aurka. Alde batetik, polizia nazional baten kontrako atentatua agintzea 1995ean. Bestetik, Estanislao Galindez amurrioarraren heriotzan parte hartzea ere egotzi diote.

Estanislao Galindez Lekamañakoa zen jatorriz, eta 8 seme-alaba zituen. 1985ko ekainaren 26an erail zuen ETAk Amurrion, Mendiko kalean. Hain zuzen, lanera zihoala tirokatu zuten 3 lagunek, 63 urte zituela.

Estanislao Felix Galindezen anaia zen. Gizonezko hori ere hil zuen ETAk ia 4 urte lehenago, 1981eko uztailaren 25ean. Erakunde armatuak biei egotzi zien Guardia Zibilaren informatzaileak izatea.

Epaiketa

Jadanik Jose Javier Arizkuren eta Juan Carlos Arruti zigortuak izan ziren ekintzan parte hartzeagatik. Arruti 2013. urtean atera zen kartzelatik. 1989an atxilotu zuen Guardia Zibilak eta "Parot Doktrina" ezarri zioten bere espetxealdia luzatzeko. Jose Javier Arizkuren 1999an espetxeratu zuten, eta oraindik kartzelan dago.

Soledad Iparragirre, aldiz, 2004an atzeman zuten Frantziar estatuan, eta 20 urteko espetxe-zigorra jaso zuen. Alabaina, otsailean Auzitegi Nazionalak 122 urteko beste zigorra ezarri zion, militar baten erailketa agintzeagatik.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide