Amurrioko euskaltegian zabiltza. Noiz eta zergatik hasi zinen euskara ikasten?
2016an hasi nintzen ikasten. Nire semeari lagundu nahi nion, baina erronka moduan ere hartu nuen. Jende askok esaten zidan oso zaila zela, eta saiatzea erabaki nuen.
Oso arraroa iruditzen zitzaidan kaletik ibili eta jendeak zer esaten zuen ez ulertzea. Horregatik erabaki nuen ikastea.
Bereziki zaila suertatu zitzaizun euskara ikastea?
Frantses irakaslea naiz eta italieraz zein ingelesez ere badakit pixka bat hitz egiten. Asko gustatzen zait hizkuntzak ikastea.
Euskara ikastea ez da beste hizkuntza batzuk ikastea bezalakoa izan. Oso ezberdina iruditu zitzaidan, baina baita oso ludikoa ere. Esaldien estruktura ikastea izan da niretzat zailena. Baina oso ludikoa da, eta horrek asko lagundu dit.
Amurrioko euskaltegian ari zara ikasten. Zer nolako giroa topatu duzu?
Bai, hemen hasi nintzen ikasten, Amurrioko euskaltegian. Uste dut hemen oso irakasle onak dauzkagula. Ikastaro trinko bat ere egin nuen duela bi urte, Laudion.
Orain ondo moldatzen zara euskaraz. Ikasten jarraitzeko asmoa duzu?
Oraindik kostatzen zait hitz egitea (barreak). Badut euskaltegian jarraitzeko asmoa. Orain nire helburua ez da azterketa gainditzea, ikastea eta gozatzea baizik.
2006an etorri ziren Errumaniatik Amurriora bizitzera. Zer dela eta?
Bukaresten jaio nintzen. Oso hiri handia da. Hasieran pixka bat zaila izan zen ohitzea. Baina nire senarra Amurriokoa da, eta bere familiak oso ondo hartu nau, integratzen lagundu didate.
Salto bikoitza eman zenuen orduan: Errumaniatik Euskal Herrira eta hiri handi batetik herri txiki batera.
Bai, baina etorri nintzenean, zorionez, banekien gazteleraz hitz egiten, Bukaresteko Unibertsitatean ikasi nuen. Zaila izan da, baina hizkuntzarekin ez nuen arazorik izan.
Errumanieraz hitz egiten jarraitzen duzu?
Bai. Nire semearekin normalean errumanieraz hitz egiten dut. Berak hiru hizkuntza dakizki: euskara, gaztelera eta errumaniera, eta handitzen denean frantsesa irakatsi ahal izatea espero dut.