UXUE ALBIZUA ZUBIZARRETA

“Taldetik ikastea eta kideei ahal bezain beste laguntzea izango da nire aurtengo helburua”

Txabi Alvarado Bañares 2021ko api. 9a, 07:00

UXUE ALBIZUA ZUBIZARRETA (Amurrio, 2002) 23 urtetik beherakoen kategorian lehiatzen ari da aurtengo denboraldian Euskadi Fundazioarekin, Mikel Landaren taldean. 

23 urte azpiko kategorian sartu zara denboraldi honetan, baina bi urte eman dituzu jada Euskadi Fundazioko Laboral Kutxa taldean. 

Bai, adingatik eman dut saltoa kategorian. Kadeteetan hasten gara txirrindulariak. Jubeniletara pasatzen gara gero, bi urtez eta gero 23 urte azpiko kategorian sartzen gara. Orain arte oso gustura egon naiz taldean. Ezin hobeto zaintzen gaituzte, ezin gara kexatu. 

Alde handia dago Euskadi Fundazioaren eta gainontzeko taldeen artean?

Ni Amurrioko Txirrindulari Elkarteko eskolan hasi nintzen. Bizkaira jo behar izan nuen gero, Araban ez zegoelako emakumeen talderik. Sopelan igaro nituen Kadeteetako bi urteak. Arabako Federazioak deitu ninduen gero. Araban nesken talde bat egin nahi zutela esan eta ea parte hartu nahiko nukeen galdetu zidaten.  Nik pentsatu behar izan nuen, baina ez asko. Baietz esan nuen, Araban emakumeen talderik ez zegoelako eta horrelako talde batean egon nahiko nukeelako. 

Pandemiak eragin handia izan du taldearen egunerokoan?

Urtebete daramagu pandemiarekin. Entrenamenduak etxean egin behar izan genituen , ez zegoen beste aukerarik. Errepidera irteteko aukera izan genuenean pasa ginen entrenamendu luze eta lehergarriagoak egitera. Oso ezberdina da etxean edo kalean entrenatzea. 

Hasi zarete talde moduan entrenatzen?

Bai. Aurkezpen bat egin genuen eta pare bat entrenamendu ere burutu ditugu. 

“Ez dut baztertzen txirrindularitza profesionalera salto egitea”

Zer nolako entrenamenduak egiten dituzue?

Astelehenetik igandera ditut entrenamenduak normalean. Asteko egun bat soilik baliatzen dut deskantsatzeko. Bakarrik egiten ditut saioak. 

Nola egiten duzu entrenamenduak eta ikasketak uztartzeko?

Aurten nahiko ondo daramat. Bi egunetan soilik joan behar naiz klasera, eta hori ondo datorkit entrenatzeko.

Baina etorkizunean klase gehiago izango dituzu.

Bai. Zaila izango da bi gauzak uztartzea, baina ez dago ezinezkoa den ezer. Gustatzen bazaizu orduak ateratzen dituzu ez dauden tokitik.

Taldea aurkeztu duzuela aipatu duzu. Zer nolako taldea osatu duzue?

Aurten oso talde osatua garela uste dut. 12 pertsona gara, 12 pertsona ezberdin. Batzuk eremu lauetan dira trebeak, beste batzuk aldapetan... oso ondo osatzen dugu elkar. Nire helburua (eta taldearena ere) aurten bada ni taldeko gainontzeko kideetatik ikastea eta ahal dudan guztia laguntzea eurei.  

Txirrindularitza talde kirola dela esango zenuke, beraz?

Txirrindularitza talde kirola da, baina indibiduala ere bada. Entrenamenduak zuk egiten dituzu, baina gainontzekoa talde lana da. 

Zer helburu dituzu aurtengo denboraldiari begira?

Txirrindula gainean gozatu eta ondo pasatzea, eta baita ikastea, “hiltzen hiltzea”, alegia. Ni oraindik 18 urte ditut bakarrik. Ondo moldatzen naiz eremu lauetan, baina hemen etxetik atera bezain laster egiten duzu topo igoerekin. Igoeretan ez naiz horren ondo moldatzen, baina hori lantzen ari gara, lasterketetan hobeto defendatzeko. 

“Bakea da zortzi ordu klasean eman ostean txirrindulan ateratzea. Askatasuna ematen dizu, gainontzeko gauza guztietan pentsatzeari uzten  diozulako”

Zer helburu dituzu epe luzera begira?

Gazte naiz oraindik. Ez dut baztertzen txirrindularitza profesionalera salto egitea. Zaila da, baina ez ezinezkoa. Helburu hori baduzu zergatik ez joan horren bila?

Zure familian txirrindularitza zainetan daramazuela esan daiteke. Aita eta neba ere txirrindulariak dira. Eurek bultzatuta sartu zinen mundu honetan?

Txikitatik txirrindulak egon dira nire inguruan. Gurpilen artean jaio naizela esan daiteke ia ia. Baina  nire kabuz zaletu nintzen, ez aita edo nebaren eraginagatik. Zortzi urterekin eman nuen izena taldean, goizago egin zelako. Beste kirol batzuk probatu nituen baina ez nituen gogoko, txirrindularitza praktikatzea zen egin nahi nuen gauza bakarra. 

Zer du txirrindularitzak beste kirolek ez dutena?

Bakea. Bakea da zortzi ordu klasean eman ostean txirrindulan ateratzea. Askatasuna ematen dizu, gainontzeko gauza guztietan pentsatzeari uzten diozulako. 

Txirrindularitzak esfortzu eta sakrifizioak ere dakartza. Pena merezi du?

Bai. Esfortzu guztiek dute emaitza. Gauzak aurrera ateratzen direla ikusten baduzu ez zaizu kostatzen entrenatzea.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide