Udaleku irekiak antolatu ditu Eragintza kultur erakundeak Tertangan, apirilaren 6tik 9ra. 7 eta 12 urte bitarteko haurrek parte hartu ahalko dute ekimenean. Lego-Wedorekin robotak egiteko tailerra izango da egonaldiko jarduera nagusia, baina ez bakarra. “Aldi berean, hainbat balio landuko ditugu; enpatia, aniztasuna, elkartasuna eta errespetua”, azaldu dute antolatzaileek. Beste hainbat balio ere izango dituzte ardatz, “jolasa eta tailerren bidez”, hala nola, aukera berdintasuna, jarrera osasuntsuak, euskara, bizikidetza edota inklusioa.
COVID-19aren aurkako neurriak
Eragintzako kideek nabarmendu dute udalekuetan kontuan izango dituztela COVID-19ari aurre egiteko Eusko Jaurlaritzak plazaratutako gomendioak. “Begirale bakoitzeko 6 ume egongo dira eta talde burbuiletan arituko dira. Udalekuak hastean COVID-19aren aurkako protokoloa emango diegu familiei”. Talde hezitzailea 4 pertsonaz osatua egongo da.
Prezioa 115 eurokoa izango da ume bakoitzeko. 672 618 665 telefonora deituta eman daiteke izena.