Lucas Rey ikastetxearen izen aldaketari argi berdea eman dio Eusko Jaurlaritzak

Aitor Aspuru Saez 2021ko mar. 24a, 10:20

Lukas Rey ikastetxea. / Aiaraldea.eus

Hezkuntza Sailak ontzat eman du aldaketa eta laster Mendiko Eskola izena izango du ikastetxeak. Horren aurka sinadurak hartu dituzten herritarrek iragarri dute helegitea jarriko dutela.

Lucas Rey-Matías Landaburu ikastetxearen izen aldaketak ekarri duen polemika agortzen hasi da Eusko Jaurlaritzak hartutako erabakiarekin. Hezkuntza Sailak berretsi du ikastetxeko kontseiluak proposatutakoa eta Amurrioko Udalak onartutakoa eta, ondorioz, Mendiko Eskola izango da hezkuntza zentroaren izena etorkizunean.

Zenbait herritar, horren aurka agertu ez ezik, sinadura bilketa abiatu zuten eta helegitea ere aurkeztuko dutela iragarri dute. Edonola ere, araudia argia da eta eskola kontseiluaren eskumena da izenaren hautaketa, Jaurlaritzak aitortu duenez.

Izen aldaketaren aurkariek argudiatu dute Lucas Rey irakasle eta alkate ohiaren memoria galtzeko arriskuan jartzen duela erabakiak, nahiz eta gizonezkoak kale bat eta bustoa izan udaletxean.

Ohiko prozedura

Hautsak harrotu dituen prozesua, ordea, ez da hain arraroa eskualdean. Esaterako, Zaraobe Institutua lehen Gabriel María de Ybarra zen, Zabaleko Eskola Antonio Rueda zen eta Amaurre Ikastetxea, aldiz, Virgen Niña.

Hain zuzen, Mendiko Eskola izena hartzearen ideia ez da berria, ikastetxeak berak webgunean azaldu bezala. 1996/1997 ikasturtean Matías Landaburu desagertu zenean eta Lucas Reyrekin bat egitean, Mendiko Eskola izendatzeko egitasmoa mahaigaineratu zen. Horren isla izan zen Guraso Elkartea, zehazki, 'Mendiko gurasoak' izatera igaro zela.

Izen berriaren sustraia toponimikoa da, eskualdeko beste ikastetxe batzuek egin duten moduan, Latiorro kasu (lehen Menéndez Pidal-Ortega Gasset zen bere izena).

 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide