JOKIN ARIAS, 'PERDIDO ENTRE ILUSIONES'

“Nire bizitzako etapa bat itxiko dut disko honekin”

Txabi Alvarado Bañares 2021ko mar. 27a, 09:43
'Perdido entre ilusiones' izen artistikoa erabiltzen du Jokin Ariasek. / Aiaraldea.eus

Hamar urte baino gehiago daramatza JOKIN ARIAS (Amurrio, 1986) musikari Amurrioarrak Perdido entre ilusiones izen artistikoarekin jotzen. Bigarren diskoa plazaratu berri du.

Bigarren diskoa plazaratu berri duzu.

Bai, hori da. Plataforma digitaletan dago eskura, Spotifyn eta Bandacampen. Kopia fisikoak ere aterako ditut laster. 

“Pandemia hasi zenean erabaki nuen orain arteko ibilbidea ixtea”

2014an atera zenuen lehen diskoa Perdido entre ilusiones bezala. Ordutik hona zenbait abesti solte plazaratu dituzu eta sei urteren ostean plazaratu duzu bigarren lana. Prozesu luzea izan da?

Prozesu geldoagoa izan da, azken lau urteetakoa. Txarretik onera eginiko bilakaera bat islatu nahi izan dut. Redención da diskoaren izena. Minaren amaiera dakar erredentzioak, gauza txar guztiak hartu eta positibo bilakatzea, gizaki moduan eboluzionatzeko. 

Disko honek eboluzio bat dakar aurrekoarekiko?

Bai, alde guztietatik. Musika alaiagoa egin dut orain, eta letrak sakonagoak dira. Sentitzen dudana letra eta abestietan islatzen saiatu naiz, entzulearengan eragiteko. 

Bakarlaria zara, baina hainbat musikariren laguntza izan duzu lana osatzeko orduan.

Hala da, bai. Ander Tejerinak pianoa jo du, Asier Ibarluzeak baxua eta Garazi Dorronsorok sarrerako ahotsa. Azken abestian bateria batzuk ere sartu ditut, kanta osatzeko.

“Proiektua berdina izango da, baina letrak aldatu egingo ditut. Ez dut minetik abestu nahi, ikuspegi positibo batetik baizik. Nire ikuspegia aldatu egin da, eta hori islatu nahi dut nire musikan”

Zure letretan beti izan dituzu sentimenduak hizpide, baina disko honetako hitzak sakonagoak direla aipatu duzu. Zergatik?

Gehiago kostatu zait letra hauek osatzea, gehiago sakondu dut, buruari bueltak emanda, benetan sentitzen nuena islatu ahal izateko. 

Disko hau amaiera bat da. Utzi egingo diot horren letra tristeak idazteari. 

Etapa berri bat irekitzera zoaz, beraz?

Proiektua berdina izango da, baina letrak aldatu egingo ditut. Ez dut minetik abestu nahi, ikuspegi positibo batetik baizik.

Duela hamar urte baino gehiago hasi nuen Perdido entre ilusiones proiektua. Hainbat fase igaro ditut, baina letren gaiak antzekoak izan dira beti. Etapa hori ixtera noa orain.

Disko hau aurkeztu ostean beste kontu batzuk plazaratuko ditut.

Gauza asko ditut buruan, positiboagoak, beste ikuspegi batekin. Nire ikuspegia aldatu egin da, eta hori islatu nahi dut nire musikan.

Zertan aldatu da zure ikuspegia? Erabaki artistikoa izan da edo zure bilakaera pertsonalaren parte izan da?

Erabaki pertsonala izan da. Nire pentsamendua eta gauzak ikusteko modua aldatu dut. Horregatik erabaki dut orain arteko bilakaerarekin amaitzea.

Nire hasierako asmoa disko bikoitza ateratzea zen, beste izenburu batekin. Denboraren ondorioak izango zen proiektuaren izenburua. Baina pandemia iritsi zenean konfinamenduak dakarren bakardadeari egin behar izan nion aurre, jende guztiak bezala. Pentsatzen hasi nintzen, gizaki moduan nituen akatsak aztertzen, nire bizitzaren norabidea ikusten...barne-esnatze moduko bat izan zen. 

Orduan erabaki zenuen orain arteko ibilbidea ixtea?

Hori da. Orduan erabaki nuen proiektuaren izenburua aldatu eta disko bakarra egitea. 

Disko bakarra plazaratu duzu hamar urtean, baina ibilbide oparoa egin duzu.

Bai. Kontzertu ugari eskaini ditut eta toki askotan egon naiz. Nire bizitzan egin dudan onena izan dela uste dut. Pertsona gisa hazteko ere balio izan dit. Lotsati izan arren, musikak aukera eman dit harago joan eta nire burua gehiago irekitzeko. Teknikoki sakontzeko ere balio izan dit, gitarra jotzeko orduan. Etengabeko bilakaera da. 

Nolakoa izango da orain irekitzera zoazen etapa berria?

Sortzaile gisa, etapa landuagoa izatea espero dut, erritmo handiagokoa. Orain arte ikasitako gauza guztiak praktikan jarri nahi ditut, baina bakarlari gisa betiere. 
Diskoa fisikoki argitaratu nahi dut eta, aukera dagoenean, kontzertuak egiten hasi, lana aurkezteko. Horrez gain, abestiak ateratzen jarraitu nahiko nuke, gelditu gabe. Hori da egiten dakidana. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide